GAUR8

Euskarak Nafarroako hezkuntzan duen egoerari buruzko hausnarketak jaso ditu Euskaltzaindiak liburu batean

Nafarroako hezkuntzan euskarak egun duen egoera eta hizkuntzaren inguruan sor daitezkeen aukera berrien inguruko gogoetak eta esperientziak bildu ditu Euskaltzaindiak liburu batean, iaz Iruñean gaia aztertzeko antolatu zuen jardunaldia oinarri hartuta.

Nafarroako hezkuntzan euskarak duen egoera eta zabal daitezkeen aukera berrien inguruko gogoetak bildu ditu Euskaltzaindiak liburu batean.
Nafarroako hezkuntzan euskarak duen egoera eta zabal daitezkeen aukera berrien inguruko gogoetak bildu ditu Euskaltzaindiak liburu batean. (Euskaltzaindia)

Pasa den urtean Iruñean ospatu ziren “Euskara Nafarroako hezkuntzan: egoera eta aukera berriak” jardunaldiak oinarri hartuta, gaiarekin lotutako analisiak eta jasotako hausnarketak biltzen dituen liburua kaleratu berri du Euskaltzaindiak.

Jagon Jardunaldiaren XXVI. edizioaren barruan, Iruñean izan ziren topaketa haiek hainbat adituren iritziak eta ikuspegiak jaso zituzten. «Jardunaldi horietan jakin nahi izan genuen nolako egoera duen euskarak Nafarroako hezkuntzan, nola kudeatzen den eleaniztasuna ikastetxeetan orain eta etorkizunean nola egin beharko litzatekeen, zein erronka eta aukera berri dituen euskarak gela barnean eta gelatik kanpo, eta zein egitasmo ari diren garatzen ikasgelan eta eskolaz kanpoko ekintzetan», gogoratu du Sagrario Aleman euskaltzain osoak eta Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeburuak.

Jardunaldien izenburu bera duen liburuaren edukiaz zehaztu dute ohar batean, lanak jardunaldian aurkeztutako txostenak eta azaldutako esperientzia gehienak biltzen dituela, baita horiekin batera, «jardunaldian hitz egiterik ez baina gaian zer esana duten aritu eta aditu zenbaiten iritziak ere» biltzen dituela.

Analisi horien garrantzia nabarmendu du Alemanek, eskolan «egitasmo eraginkorrak bideratzea gero eta eleaniztunagoak diren ikasleen» artean «estrategikoa» dela azpimarratuz.

Euskaltzaindiak gogoratu du, bestalde, Jagon saileko Sustapen batzordeak, beste hainbat ekimenen artean, urtero bultzatzen duela euskararen estatusari buruzko gogoeta, euskalgintzan ari diren eragileekin eta erakundeekin.