GAUR8

Ingeniaritza Biomedikoko Gradua eskainiko du UPV/EHUk, ingelesez eta formatu dualean

Datorren ikasturtetik aurrera, Ingeniaritza Biomedikoko Gradua unibertsitate publikoan egin ahal izango da. Bilboko Ingeniaritza Eskolan emango dira ikasketak, osorik ingelesez eta formatu dualean.

Irudian, Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasleak Biomekanika Laborategian.
Irudian, Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasleak Biomekanika Laborategian. (Tere Ormazabal | UPV/EHU)

Ingeniaritza Biomedikoko Gradua eskainiko du lehen aldiz UPV/EHUk 2023-2024 ikasturtean. Bilboko Ingeniaritza Eskolan eskainiko diren ikasketa horiek ingelesez emango dira osorik, eta Heziketa Dualeko ibilbide bat izango du, aurreratutakoaren arabera.

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak eman dio argi berdea lehen ikasturte horretan 24 plaza eskainiko dituen proiektuari. Graduak izango duen alde praktikoa nabarmendu dute unibertsitateko iturriek: «Ikasleek Ingeniaritza Biomedikoaren sektoreko enpresa batean osatuko dute prestakuntza hirugarren mailatik aurrera; horri esker, ikasleek harreman zuzena izango dute Osakidetzarekin harreman estua duten ingeniaritzaren eta osasunaren arloko profesionalekin».

Zehaztu dutenez, graduak aukerak emango ditu, era berean, «Euskal Osasun Zerbitzuaren zerbitzuetan eremu biomedikoko enpresetan praktikak egiteko».

Nazioartekotzearen aldeko apustua

Titulazioa ingelesez eskaintzea, bestalde, «UPV/EHUk nazioartekotzearen alde egindako apustu estrategikoaren barruan». Helburua ingeniaritzako profesionalak prestatzea da, «nazioarteko taldeetako kide izateko, bertako edo atzerriko hornitzaileekin komunikatzeko edo EAEn dauden sektoreko enpresen nazioartekotzea errazteko», adierazi dutenez.

Nabarmendu dute, bestalde, osasun-zientzietako profesionalentzat ingeniaritza biomedikoak duen garrantzia, medikuntza, biologia, bioteknologia eta farmazia arloetan konponbide teknologikoak garatzea helburu duen heinean.

«Graduondokoei dagokienez, 2023-2024 ikasturterako 100 unibertsitate-master eta 70 doktorego-programa baino gehiagoren eskaintza eguneratua egingo du», aurreratu du UPV/EHUk. Horietako bost berriak dira, eta nobedade horien artean, Bioetika eta Biozuzenbide masterra dago, «lehen aldiz euskal unibertsitate publikoan emango dena».