GAUR8

«Artxipelagoa» seriearen bigarren denboraldia eta lau podcast berri, EITBPodkast atarian

EITBPodkast atariak hemendik abendura bitartean estreinatuko dituen edukien berri eman du. Horien artean «Artxipelagoa» seriearen bigarren denboraldia dago, baita lau podcast berri ere: «Zapla!», «Uhin Ultramoreak», «Harresi ikusezina» eta «Dodoa».

EITB Podkast atariak hainbat eduki berri izango ditu abendura bitartean.
EITB Podkast atariak hainbat eduki berri izango ditu abendura bitartean. (EITB)

Hainbat sari eta errekonozimendu bildu dituen “Artxipelagoa” audio-fikzio apokaliptikoaren denboraldi berria Durangoko Azokarekin batera iritsiko da atarira eta, aurreratu dutenez, «bizirauteko dauden arazoek sortzen dituzten gerra, indarkeria eta goseteen jarraipena» izango dira kapitulu berrien ardatz nagusiak.

Azaroan, bestalde, hiru podcast estreinatuko dira. “Zapla!” da horietako bat. Euskaraldiarekin lotuta, belarriprest eta ahobizientzat ariketak proposatuko ditu.

Emakume zientzialariak

Emakume zientzialariei buruzko saioa da “Uhin Ultramoreak”, eta “Harresi ikusezina” podcastak migrazioaren fluxuei eta bereziki Bidasoako ertzean eraiki den harresi ikusezinari begiratzen die.  

“Dodoa” izenekoa Jabier Muguruzaren diskoko kantuen osagarri gisa aurkeztu dute, eta estreinaldia Gabonetarako aurreikusita dago.

Podcasten eskaintzan, bestalde, Bertsolari Txapelketa Nagusiari dedikatutakoa nabarmendu dute: “#10garrena”. Estreinatu berriak «final alternatiboak eskaintzen ditu ezohiko finalista eta txapeldunak irudikatuz».

Eskaintza zabalaren artean, «ongizatearen gaia jorratzen duen solas tarte berri bat dugu EITBren audio plataforman: "Korapiloak"», azaldu du talde publikoak ohar batean.

«Iñigo Antsorregik ETB1eko “Biba Zuek!” saioan buru osasunaren inguruan egiten duen atalaren osagarri da, eta depresioa, suizidioa edo eta antsietatea bezalako gai zailei aurre egiteko bideak urratu nahi ditu», azaldu dute. Horrekin batera Afrika Baeta aurkezleak bizitzari baikortasunez begiratzeko tresnak eta moduak aztertzen dituen “Gente Bonita” podcasta aipatu dute.