GAUR8

Azaroaren 30ean itxiko da Barandiaran Beka deialdira lanak aurkezteko epea

Azaroaren 30era arte zabalik du Barandiaran Fundazioak euskal antropologo eta etnologo handiaren izen bera daraman beka deialdira lanak aurkezteko epea. Ataungo ikertzailearen urratsak jarraituz, antropologia eta arkeologiarekin lotutako ikerlanak bultzatu nahi ditu, batez ere ikerlari gazteei bultzada emanez.

Joxe Miguel Barandiaran museoa Ataunen, artxiboko irudian.
Joxe Miguel Barandiaran museoa Ataunen, artxiboko irudian. (Idoia ZABALETA | FOKU)

On Jose Migel Barandiaran ikertzailearen urratsak jarraituz, Euskal Herriko arkeologia eta etnologia arloetan ikerkuntza inspiratzeko eta sustatzeko jaio zen Barandiaran Bekak deialdi berri bat du zabalik. Izan ere, azaroaren 30era arte hartuko ditu proposatutako lanak Jose Miguel Barandiaran Fundazioak

1979. urtean, arkeologo, etnologo eta antropologo handiari egindako omenaldiaren haritik jaio zen beka deialdia, «omenaldia bera Barandiaranen ikerkuntza lanaren jarraipenaren islada izan zedin», gogoratu du Eusko Ikaskuntzak.

Bizimoduak, kultura...

Antropologia-etnologia arloa lantzea da deialdiaren helburu nagusia, eta «honen barruan Euskal Herriko bizimoduak zein euskal kulturaren aspektu ezberdinak aztergai dituzten askotariko gaiak jorra daitezke», azaldu dute ohar batean.

Zehaztu dutenez, «soilik argitaratu gabeko lanak eta izaera propioa dutenak finantzatu ahal izango dira», eta kanpoan geratuko dira beste proiektu handiago baten zati diren ikerlanak edo bestelako finantziaziorik dutenak.

Gaiaren berritasuna da epaimahaiak bereziki baloratuko duen gako bat. Deialdiak bultzada berezia eman nahi die ikertzaile gazteei zein hasiberriei, eta horren harira, oinarriek banaka zein talde txikietan burututako lanak onartuko dituela argitu dute.

Bekak urtebeteko iraupena du, luzapenik gabe, eta 10.000 euroko zuzkidura du. Bekaren irabazlea abenduaren 31 baino lehen erabakiko du Fundazioak.