GAUR8

Baserrietako kortinak, berbaldi eta bisita gidatuaren protagonistak Enkarterrin

Baserriaren inguruan, gaztainak kontserbatzeko erabiltzen ohi ziren kortinak, erizerak edota kirikiño-heziak Enkarterrietko Museoaren programazioaren protagonista nagusiak izango dira igandean. Hitzaldi eta ibilaldi batek bertatik bertara osatuko dute harrizko eraikuntza horien historia.

Kortina, erizera edo kirikiño-hesi gisa ezagutzen diren eraikinak aztertuko dituzte igandean.
Kortina, erizera edo kirikiño-hesi gisa ezagutzen diren eraikinak aztertuko dituzte igandean. (Enkarterrietako Museoa)

Baserrien inguruan zeuden kortinak edo erizerak izeneko eraikinak igandeko bi ekitaldiren protagonista nagusiak izango dira. Berbaldi batek harrizko elementu horiek zuten garrantzia azalduko du, ondoren ibilbide bat egingo dute Zallan, baserrien eta kortinen historian sakontzeko.

Enkarterrietako Museoak antolatu du programazioa, gaztaina sasoi bete-betean. Museoaren jabe diren Bizkaiko Batzar Nagusiek azaldu dute ohar batean, «ondare ezkutu» edo ez oso ezagun hori ezagutaraztea dela helburua.

Funtzio garrantzitsu bat

Tamaina ezberdinekoak izan zitezkeen elementu horiek biziraupenerako funtsezkoa zen funtzioa betetzen zuten. Oso ohikoak dira Bizkaiko baserrietan, eta egun gehienak abandonatuta dauden arren garrantzi handia zuten etxeko eta eguneroko ekonomian, azpimarratu dutenez.

Izan ere, aitzinean gaztainak bezalako elikagai garrantzitsua kontserbatzeko erabiltzen ziren. Zehaztu dutenez, Enkarterriko ekialdean ohikoagoak izan ziren kirikiño-hezi izenarekin ere ezagutzen diren harrizko biltegiak.

Elementu horien gaineko informazio guztia eskainiko du igandean Iñaki Garcia Uribe Aranzadiko etnografoak 11.00etan izango den hitzaldian. Horren ondoren, ibilbidea egingo da Zallako Angostura auzoko baserrien eta kortinen artean.

Hitzaldia eta osteko bisita gidatua doakoak izango dira, baina beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, museoaren webgunean bertan edo 94 650 44 88 telefono zenbakira deituta.