GAUR8

«Vending» makina bat soberan dauden elikagaiak behar dituenaren eskura jartzeko

«Janariprest» proiektua jarri dute abian Durangoko Jesuitak ikastetxean, «vending» makina bat baliatuz. Era horretara, zentroan kontsumitzen ez diren menuak ikasleek ontziratuko dituzte eta era seguru batean elikagai horiek behar dituzten durangarren eskura jarriko dituzte, doan.

Jesuitak ikastetxeak abian jarritako «Janariprest» proiektuaren aurkezpena, irudian.
Jesuitak ikastetxeak abian jarritako «Janariprest» proiektuaren aurkezpena, irudian. (Durangoko Udala)

Durangoko Jesuitak ikastetxeko komunitateak zentroan kontsumitzen ez diren platerrak behar dituzten pertsonen eskura jartzeko zerbitzua jarri du abian. Egitasmoak “Janariprest” du izena, eta «vending» makina baten bidez kudeatuko dute.

Kurutziaga kalean jarri dute zerbitzua, ikastetxean soberan geratzen den janaria aprobetxatzeko. Bizkaiko bigarrena da, eta laugarrena EAE mailan, Etxebarri, Azpeitia eta Hernanikoarekin batera.

%5 kontsumitu gabe

Ikastetxe durangarrak 650 otordu baino gehiago prestatzen ditu egunean, eta horietako %5 kontsumitu gabe geratu ohi dira, emandako datuen arabera. Soberan geratzen diren menu horiek makinara eramateaz Batxillergoko ikasleak arduratuko dira. Elikagai horiek eskuratu behar dituenak doan jaso ahal izango du bertan, eta makinaren bidez hotz katea eta elikagaien tratamendu segurua bermatuko da.

Egitasmoa Durangoko Udalaren laguntzarekn jarri da abian. «Durango herri solidarioa da, eta hori agerian geratzen da honelako ekimenekin», nabarmendu du Ima Garrastatxu alkateak. Hala ere, bide horretan aurrera egiteko deitu du udal agintariak:«Komunitatea sortu eta indartu behar dugu; guztion artean lan eginez, premia handiena duten pertsonei gainerakoek lagun diezaieten».

Ekimena ikastetxearen hezkuntza proiektuarekin lotuta dago, Alfredo Sarriugarte zuzendariak azaldu duenez. Izan ere, proiektu horren barruan arlo ekosozialaren aldeko konpromisoa dute jasota, eta kasu honetan, auzolana eta Udalarekin lankidetzan lortu da aurrera ateratzea.

Kontsumitu gabe geratzen diren menuak ontziratu eta etiketatuko dituzte ikasleek, eta horrekin batera, iraungitze dataren kontrolaz ere arduratuko dira. Prozesuaz azpimarratu dute, bestalde, erabilitako ontziak %100 konpostagarriak direla.