GAUR8

Gabonetako astronauten akademia antolatu dute Eureka Zientzia Museoan Aranzadik gidatuta

Gabonetako astronauten akademia zabalduko du Aranzadi Zientzia Elkarteak Eureka Zientzia Museoan egunotan, etxeko txikienei zuzenduta. Zeruko argitxo horiek identifikatzen ikastea eta astronauten entrenamenduko hainbat jarduera egitea da plana.

Eureka Zientzia Museoan fenomeno astronomikoei dedikatutako arloetako bat, irudian.
Eureka Zientzia Museoan fenomeno astronomikoei dedikatutako arloetako bat, irudian. (Eureka Zientzia Museoa)

Gabonetako oporrak aukera ezin hobea izan daitezke etxeko txikiak zeruko argitxoen ezagutzara hurbiltzeko. Horixe da, hain zuzen ere, Aranzadi Zientzia Elkarteak egin duen proposamena: astronauten akademia bat, gau izartsu batez gozatzeaz gain gaueko zerua ezagutzen hasteko.

Ekimenak Eureka Zientza Museoan edukiko du kanpamentu nagusia. Zortzi eta hamabi urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta gure planetatik abiatuta zeruko argitxo horiei izenak jartzen hastea izango da helburuetako bat.

«Eguzkiaren inguruan mugitzen den hirugarren planetan bizitzen gara, gure Lurra eta Eguzki Sistemako bizilagunak ezagutuko ditugu. Lurretik ikusten dena desberdintzen ikasiko dugu eta ikusten ez duguna nola ikertzen den ezagutuko dugu», zehaztu dute akademiaren zereginaz.

Zeruan ikus ditzakegun objektuak identifikatzen ikasteaz gain, «ilargiaren oinarri batean bizi ahal izateko baldintzak» aztertzea izango da akademiako ikasleen beste erronketako bat. Izan ere, ESERO-ren “MissionX: Astronauta bezela entrenatu” programan hartuko dute parte, eta hainbat jarduera fisiko eta zientifiko egin beharko dituzte, «astronautekin eta mundu osoko espazio-agentziekin lan egiten duten zientzialarien eta prestatzaile fisikoen laguntzarekin».

Hiru txanda izango ditu jarduerak abenduaren 22tik urtarrilaren 5era, eta euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, euskara lehenetsita. Izen emateak 60 euroko prezioa du.