GAUR8

Eskola jantokietan ontzi berrerabilgarriak sortzeko Europako proiektu batean parte hartzen du Ausolan enpresak

Material berrien erabilera aztertzea ardatz duen europar proiektu batean parte hartzen ari da catering zerbitzuetan aritzen den Ausolan euskal enpresa. Eskola jantokian berrerabilgarriak diren irtenbideak garatzea du helburuetako bat.

Jantoki kolektibo baten instalazioak, artxiboko irudian.
Jantoki kolektibo baten instalazioak, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Elikaduran aritzen den Ausolan euskal enpresak Europar Batasunak finantzatzen duen ‘Buddle Pack’ proiektuarekin bat egin du. Europako sei herrialdetako 19 bazkidek parte hartzen dute plastikozko ontzi berrerabilgarri berriak garatzea eta erabiltzea helburu dituen egitasmo horretan.

«Materialen berrikuntza eta kontsumitzailearen psikologiaren azterketa» barnebiltzen ditu proiektuak, «bideragarriak diren irtenbideak proposatzeko», azaldu du Amaia Agirre enpresako I+G saileko zuzendariak.

Zehaztutakoaren arabera, eskola jantokiak dira proiektuaren barruan aztertuko den arloetako bat. Helburua da erabilera bakarreko ontziak ordezkatzea, eta herritarrak materialak berrerabiltzearen eta birziklatzearen garrantziaz kontzientziatzea, erantsi du Agirrek.

Ontzien ekoizpenari, erabiltako ur kopuruari eta energia kontsumoari ere erreparatuko die egitasmoak, kontsumoa esponentzialki murriztu eta ozeanoetan bukatzen duten mikroplastikoak gutxitzeari begira.

Material iraunkor eta funtzionalak

Hiru urte eta erdiko iraupena aurreikusi dute. Proiektuak ontziak garbitzeko irtenbideak garatuko ditu, kontsumitzailearen segurtasuna bermatzeko balizko kutsaduren aurrean, bai eta berriro erabil daitezkeen material iraunkor eta funtzionalak ere, behin eta berriz erabiltzeko modukoak eta elikagaiak alferrik galtzeari aurre egin diezaioketenak.

Agirrek nabarmendu duenez, «negozio-eredu berriek iraunkorrak izan beharko dute proposatutako irtenbide bakoitzerako, eta horietan errentagarritasuna eta gizarte-iraunkortasuna funtsezkoak izango dira arrakastarako».