GAUR8

‘Hitzak lege’, euskaraz sortutako testu juridiko historikoak Bilbon ikusgai

Euskarazko idatzi juridiko historikoak biltzen dituen ‘Hitzak lege’ erakusketa Bilbon izango da ikusgai martxora arte, Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitzan. Euskaltzaindia, EAEko hiru Batzar Nagusiak, Gasteizko eta Iruñeko Legebiltzarrak eta Baionako Udalaren lankidetzaren emaitza da agirien bilduma.

Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidentea, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Gotzon Lobera legelaria eta erakusketaren koordinatzailea, Bilboko inaugurazioan.
Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidentea, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Gotzon Lobera legelaria eta erakusketaren koordinatzailea, Bilboko inaugurazioan. (Bizkaiko Batzar Nagusiak)

Martxoaren 4a arte Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko egoitzak euskarazko hainbat idatzi juridiko esanguratsu biltzen dituen ‘Hitzak lege’ erakusketa hartuko du. Euskaltzaindiak, Gasteizko eta Nafarroako Legebiltzarrek, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Baionako Udalak elkarlanean antolatutako ekimenaren emaitza da erakusketa ibiltari hori, eta garrantzia historikoa izan duten euskarazko hainbat testu biltzen ditu.

Euskal Herriko erakunde legegileek eta Baionako Udalak gordetzen dituzten euskarazko testu juridiko esanguratsuak «modu erakargarrian, ulergarrian eta interaktiboan erakustea» da helburua.

«Testuok gure historiaren parte dira», adierazi zuen erakusketaren inaugurazioan Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, bilduma «Euskal Herriko txoko guztietara» eroateko ahaleginaren beharra nabarmenduz.

Gotzon Lobera legelaria eta erakusketaren koordinatzailearen esanetan, erakusketak «mendeetan zehar ezkutatu izan den errealitatea azaleratu nahi du: euskara duela mende askotatik egon da presente euskararen lurraldeetan bizi diren pertsonen harreman juridiko pribatuetan, baita lurralde horietako instituzioen jarduera administratiboan ere».

Irudi eta grafikoen bidez aurkeztuak, zenbait testu bitxi daude ikusgai. Horien artean, 1452. urteko Bizkaiko Foru Zaharrean dagoen testu ezaguna dago: ‘Urde urdaondo e(ta) açia etondo’. «Esaldi horrek erakusten du nola jokatu behar zen oinordetzetan eta dohaintzetan», azaldu dute adibide modura.

Lapurdi, frantziar iraultzean

Etxepare, Axular eta Oihenarten idatziak biltzen ditu erakusketak, baita ‘Frantziako Iraultza eta Lapurdiko komitatearen adierazpena’. Agiri horretan, «Lapurdiko Batzordeak bere burua defendatzen du Makaiako bizkonde gazteak egotzitako salaketen ostean», zehaztu dute edukiaz.

1839. urteko Bergarako Ituna, 1936. urteko Autonomia Estatutua eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren zina edota Bizenta Antonia Mogel euskal emakume itzultzailearen lana ikus daitezke bilduman, eta Mogelen lanaz euskal literaturan aitzindaria izan zenak Luis de Borbon kardinal eta Toledoko atzapezpikuaren 1820ko martxoaren 15eko gutun pastoralaren itzulpena egin zuela gogoratu dute, bizkaieraz eta Bilbon inprimatua izan zena.