GAUR8

Gurutze Gorriaren arabera, emakumeak dira laguntza eskatzaile nagusiak

Emakumeak dira laguntza eskatzaile nagusiak Gurutze Gorriak estatu mailan zabaldu duen krisiaren aurreko azken planean jasotako datuen arabera. Eskaeren kopurua %30etik gora hazi da, eta EAE lehen postuetan dago erkidegoen artean, Andaluzia eta Kataluniaren ostean.

Gurutze Gorriaren laguntza planaren balantzeko datuak eskaini dituzte.
Gurutze Gorriaren laguntza planaren balantzeko datuak eskaini dituzte. (Gurutze Gorria)

Pasa den irailean krisiaren aurreko premiazko erantzuna emateko estatu mailako plana jarri zuen abian Gurutze Gorriak. Horren baitan, 21.566 laguntza eman dituela jakinarazi du erakunde humanitarioak, eta 30 eta 50 urte bitarteko emakumeak izan dira laguntza gehien behar izan dutenak, azpimarratu duenez.

Batez ere laguntza ekonomikoak, baina baita elikagaietakoak eta higienearekin lotutakoak izan dira banatu direnak. «31-40 urte bitarteko pertsonen artean, 2.649 emakume baino gehiagok jaso dituzte laguntzak, eta gizonek, berriz, 798; 41-50 urtekoen artean, 2.233 emakumek eta 808 gizonek», jasotzen du Gurutze Gorriak ohar batean.

Nabarmendu dute, era berean, 21 eta 30 urtekoen artean dagoen aldea, 1.458 emakume eta 603 gizon, hurrenez hurren, baita 51 eta 60 urte bitartekoen artean, 1.178 eta 684, hurrenez hurren». «Adin tarte batean ere, emakumeen kopurua ez da gizonena baino txikiagoa», 0-10 urte bitartekoei dagokiena kenduta –eskatzaileen seme-alabak, ondorengoak...–, non kopurua berdinduta dagoen.

Zailtasun ekonomikoak dituen kolektiboaren estatu mailako argazki hori osatzeko, emandako laguntzen artean ondasunekoak, hala nola elikagaienak (4.200 baino gehiago) edo higienearenak (1.200), sanitarioak (856) eta jantzienak (817)nabarmendu dituzte, baita premia larriko estalduretarako, horniduren ordainagirien ordainketetarako, etxebizitzetarako, garraiorako edo hezkuntza eta prestakuntza laguntzetarako emandako laguntza ekonomikoak ere.

Bizkaia, «Bartzelona eta Madril gainditzen»

Gorakada orokorra «nabaritu» duela azpimarratzen du Gurutze Gorriak: «346.000 izatetik 447.000etik gora izatera igo da iaz, 340.000 pertsonatik gora, hau da %30etik gorako hazkundea».

Antzemandako beharrizan horiek mapan kokatuta, gainera, EAE agertzen da laguntza gehien eman diren autonomia erkidegoen artean, Andaluzia eta Kataluniaren ondoren, eta aipamen berezia egiten da Bizkaiaren kasurako, «Bartzelona eta Madril gainditzen» baitu laguntza eskatzaileen kopuruan.

Igoera horren aurrean, eta oinarrizko ondasun eta zerbitzuen prezioen etengabeko igoera testuinguru batean, larrialdiko deia egin zuela gogoratu du Gurutze Gorriak.

Erakunde humanitarioak nabarmendu duenez, guraso bakarreko familiak  dira krisiak gehien kaltetu dituenak (%54,3) eta bakarrik bizi direnak (%34,6) ondoren. Horregatik, lehentasuna dutenak haur eta gazteak, bakarrik bizi diren pertsonak, zailtasun sozialak dituzten emakumeak, adinekoak eta baliabide gutxiko familiak direla zehaztu du.