Gazteak zientziara gerturatzea, Euspot euskarazko spot lehiaketaren aurtengo erronka

Gazteak zientzia eta teknologiara hurbiltzea da Euspot publizitate iragarki lehiaketak edizio honetarako jarri duen erronka. Ikasleei bereziki zuzenduta, gehienez 30 segundoko ikus-entzunezko lanak eskatzen dira, formatu librean.

Irudian, ikasle talde bat Durangoko Azokaren azken edizioan.
Irudian, ikasle talde bat Durangoko Azokaren azken edizioan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Gazteen artean bokazio zientifiko eta teknikoekiko interesa sustatzea izango da aurten Euspot euskarazko publizitate iragarkien lehiaketaren erronka. Urtero gai ezberdin bat proposatzen dute antolatzaileek, lehiakideek «nahi duten estilo, teknika eta baliabideak erabilita» publizitatearen munduan sormen erronka bat burutu dezaten.

Aurtengo erronkaren bidea jarraituz, ‘Zientzialari eta ikertzaile izan nahi dut’ da 12. edizio honen leloa. Mondragon Unibertsitateak, Arizmendi Ikastolak eta Arteman Komunikazioa agentziak antolatzen dute deialdia, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Euskadi 2030 Planaren babesarekin.

Batez ere ikasleei zuzenduta dago ekimena, eta gehienez 30 segundoko ikus-entzunezko lanak aurkeztu ahal izango dira, formatu horizontalean edo bertikalean grabatuta, datorren maiatzaren 29a baino lehen, webgunean izena eman ondoren.

Aurreko deialdietan bezala, erakunde antolatzaileek ikus-entzunezko publizitateari buruzko prestakuntza-saioak eskainiko dituzte hainbat ikastetxetan, eta 4.000 euskal ikaslek baino gehiagok parte hartu dute jarduera horretan.

600 iragarki, lehen ediziotik

Seiehun iragarki inguru lehiatu dira lehen ediziotik Euspot-en, eta 3.000 euro baino gehiago banatuko ditu aurten saritan. Horien artean, nabarmentzekoak dira ‘Spot onenaren’ sariak, publikoak aukeratutakoa, 14 eta 18 urte bitarteko parte-hartzaileei eskainitakoa edo ‘Musika sinkronizazio onenarena’.