GAUR8

Bizikletaren erabilera bultzatzeko kanpaina egingo du Arabako Foru Aldundiak kuadrilla guztietan

Bizikletaren erabilera bultzatuko duen kanpaina eramango du Arabako Diputazioak kuadrilla guztietara. Lanerako edo ikasketetarako ibilbide labur horietan jarriko du fokua mezuak, eta bizikleten mantentzeari eta mekanikari buruzko oinarrizko ezagutza batzuk eskainiko ditu.

Agurainen hasiko da ‘Araba bizikletaz’ kanpaina, urtarrilaren 29an.
Agurainen hasiko da ‘Araba bizikletaz’ kanpaina, urtarrilaren 29an. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura eta Mugikortasun Sailak kanpaina ibiltari bat egingo du datozen asteetan, herritarren artean bizikletaren erabilera sustatzeko. Bizikletaren erabilerak duen izaera «iraunkorra eta osasungarria» nabarmenduko du mezuak, fokua lanerako edo ikasketetarako ibilbideetan jarriz.

‘Araba bizikletaz’ izango da kanpainaren leloa, eta datorren igandean hasiko da Agurainen; ondoren, Arabako kuadrilla guztiak zeharkatuko ditu.

Sei ekitaldi egingo dituzte guztira, kuadrilla bakoitzeko bana. «Arabako eskualde guztietara mezu positibo bat eramango dugu bizikleta garraiobide iraunkor eta osasungarri gisa erabiltzeari buruz, egunero gure lanpostura edo ikastetxera mugitzeko, eta ingurumenerako, ekonomiarako eta osasunerako dituen abantailez sentsibilizatzeko», azaldu dute Diputazioko iturriek.

Carlos Ibarluzea Bide azpiegituretako eta Mugikortasuneko foru diputatuaren esanetan, bizikleta da garraio publikoarekin batera «garraiobiderik irisgarriena, jasangarriena, inklusiboena, berdintasunezkoena, ekonomikoena, sozializatzaileena eta osasungarriena».

Kanpaina ibiltaria datorren igandean, urtarrilaren 29an, hasiko da Aguraingo Udal Kiroldegian; otsailaren 5ean, Murgiako Jai Alai pilotaleku zaharrean; otsailaren 12an, Laudioko Aldai plazan; otsailaren 19an, Langraiz Okako Jose Migel Barandiaran Eskolan; otsailaren 26an, Kanpezuko Santa Kruz Udal Pilotalekuan; eta martxoaren 5ean, Oiongo Plaza Nagusian.

Ekitaldi guztiak igandean izango dira, 10.00etatik 14.00etara, espazio estalietan, haien garapena bermatzeko, eguraldiaren baldintzak gorabehera.

Gymkana-gunea eta tailerrak

Kanpainaren barruan egingo diren jardueren artean, gymkana gune bat aurkituko dute parte hartzaileek, norberaren trebetasuna probatzeko eta segurtasunez zirkulatzeko gaitasunak hobetzeko.

Haurrentzako txokoa ere izango dute, baita tailer gune bat, oinarrizko nozio batzuk emateko zulaketa dagoenenan nola konpondu, bizikleta nola garbitu edo mantentzerako puntu garrantzitsuenak behar bezala mantentzen irakasteko.

Beste gune batek bizikleta elektriko bat izango du, hala nahi duten pertsonek bizikleta mota hori probatu ahal izan dezaten eta dituen aukerak ikus ditzaten.