GAUR8

Abian da CAF-Elhuyar Sariketa, zientzia eta teknologiari buruzko euskarazko ikerketara zuzendua

‘Begiratu urrunera’ leloarekin abian jarri dute zientzia eta teknologiaren inguruko euskarazko ikerketak aitortu eta bultzatzea helburu duen CAF-Elhuyar Sariketaren edizio berri bat. Lanak otsailaren 6ra arte aurkez daitezke.

CAF-Elhuyar Sarien aurreko edizio baten banaketa ekitaldia.
CAF-Elhuyar Sarien aurreko edizio baten banaketa ekitaldia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzeko lanak aitortu eta bultzatzea helburu duen CAF-Elhuyar Sariketak edizio berri bat du abian. ‘Begiratu urrunera’ izango da leloa, eta lanak aurkezteko epea otsailaren 6ra arte egongo da zabalik.

Elhuyar Fundazioak eta CAF enpresak antolatuta, ekimenak Neiker ikerketa eta garapenerako zentroaren babesa dauka eta hiru kategoria bereizten ditu: dibulgazio artikuluak, kazetaritza lanak eta sorkuntza beka.

Hiru kategoria eta Neiker Saria

Dibulgazio-artikuluen atalean, sariek bi azpikategoria aurreikusten dituzte: doktore tesian oinarritutako dibulgazio artikuluak eta dibulgazio artikulu orokorrak.

Kazetaritza lanei dagokien atalean, 2022an euskaraz sortu eta argitaratutako kazetaritza-lanak aurkeztuko dira, edozein formatu eta generotakoak.

Eta sorkuntza bekari dagokionez, zientzia eta teknologia arloen eta gizartearen arteko elkarrekintzak lantzen dituzten proiektuak bilatzen dira.

Sariketarako egokitutako webgunean eman behar da izena, bertan eskuragarri dagoen formularioa beteta. Lehiaketak 13.000 euro banatuko ditu aipatutako hiru kategoriatan eta Neiker Sariaren bidez. Azken horrek 2.000 eurorekin saritzen du lehen sektorearekin lotutako artikulu onena.

Dibulgazio artikuluen ataleko azpikategoria bakoitzak 2.000 eurorekin sarituko du lan onena, beste 2.000 euro jasoko ditu zientzia kazetaritzarekin lotutakoak, eta 5.000 euroko dirulaguntza jasoko du sorkuntza bekarako aukeratutako proiektuak.