GAUR8

Hezeguneen Munduko Eguna ospatuko dute igandean Urdaibai Bird Centerren

Hezeguneen Munduko Eguna ospatuko dute igandean Urdaibai Bird Centerren, eraztunketaren inguruko jardunaldiarekin eta ibilaldi batekin. ‘Padurak berreskuratzea’ lelo duen ospakizunean, Urdaibain bertan kontserbaziorako egiten ari diren urratsak nabarmendu dituzte.

Milaka espezieren habitata diren Urdaibaiko Padurak, irudian.
Milaka espezieren habitata diren Urdaibaiko Padurak, irudian. (Urdaibai Bird Center)

Hegaztien eraztunketa zientifikoaren inguruko jardunaldi batekin eta ibilaldi batekin ospatuko du Urdaibai Bird Centerrek Hezeguneen Munduko eguna hurrengo igandean. Ohartarazi dutenez, plaza mugatuak dira, beraz beharrezkoa da aurretik izena ematea, 699 839 202 telefono zenbakira deituz.

Aurtengo edizioak ‘Padurak berreskuratzea’ du lelo, eta horren harira espazioen kontserbazioaren alde egin behar den ahalegina nabarmendu du zentroak ohar batean.

Naturaren euskal behatokitik gogoratu dute hegaztien migrazio ibilbide osoko natura zentroetan ospatuko dela Hezeguneen Munduko Eguna, paduren kontserbazioaren garrantzia tokiko eremutik esparru globalenera eramanez.

Basoen galera baino hiru aldiz handiago

Azpimarratu dutenez, «hezeguneen ia %90 degradatu egin dira XVIII. mendetik, eta galtzeko abiadura basoena baino hiru aldiz handiagoa da». Testuinguru horretan, hezeguneak «funtsezko garrantzia duten ekosistemak» direla gogorarazi dute, biodibertsitatearen kontserbazioaren ikuspuntutik eta baita klima aldaketa arintzeko ere.

Zentroak gogoratu du, bestalde, hainbat jarduera daudela martxan Urdaibain, Lakuak eta Trantsizio Ekologikorako espainiar Ministerioak koordinatutako Next Generation proiektu europarren barruan. Interes handiko espezieen populazioen habitata hobetzea da jarduera horietako batzuen helburua, eta atal horretan aipatu ditu zezen-txoria, mokozabala edo uhalde-enara bezalako espezieak babesteko jorratzen ari diren ekimenak.

Laster, paduratik jatorri antropikoko hondakinak ateratzen hasiko direla zehaztu du Urdaibai Bird Centerrek, eta aurreratu du ingurumen hobekuntza horiek guztiak erakusketa batean jasoko dituztela.

Bitartean, lana eta irudi ederrak ez dira falta zentroan. Besteak beste, buztanluzeen, ahate txistularien, zezen-txorien, mokozabal negutarren eta Muxar arrano arrantzalearen etxea dira orain euskal padurak. Gogoratu dutenez, horrekin lotuta dago, hain zuzen, hemendik gutxira iparraldeko migrazio bidaia luzeari egin aurretik espezie horiek elikatzeko behar dituzten habitat egokien zaintzaren beharra.