GAUR8

Suizida baten testigantza lehen pertsonan, AERGIren Gela Irekian

Suizidioaren prebentzioa, tratamendua edota bizipenak AERGIren hurrengo Gela Irekian jorratuko dira astelehenean, pertsona suizida batek lehen pertsonan kontatutako esperientzia ardatz hartuta. Hitzaldia online jarraitzeko aukera dago.

Ignacio Apesteguik bere esperientzia kontatuko du lehen pertsonan, eta prebentzioan sakonduko du.
Ignacio Apesteguik bere esperientzia kontatuko du lehen pertsonan, eta prebentzioan sakonduko du. (AERGI)

Esperientzia pertsonal batean oinarrituta, AERGI menpekotasuna duten pertsonak eta familiak biltzen dituen Gipuzkoako elkarteak suizidioa landuko du astelehenean, hilak 6, Donostian ospatuko duen Gela Irekian.

Ignacio Apestegui izango da hizlari gonbidatua. Elkartetik azaldu dutenez, «esperientzia pertsonal batetik abiatuta, horrelako egoera baten aurreko prebentzioari buruz» hitz egingo du Apesteguik, baita egoerari aurre egiteko moduaz ere suizidio saiakeraren «aurretik eta ondoren».

Ohar batean gogoratu du elkarteak 2021. urtean, Estatu espainolean, 4.003 lagunek egin zutela bere buruaz beste, hamaika pertsona eguneko, urte berean zenbatutako 200 saiakerez gain. 2022. urteko datuak txarragoak izatea espero dute adituek, nabarmendu dutenez.

Hitzaldiaren inguruan esplikatu dute Ignacio Apestegui suizida bat dela, horrela definitzen baita bere buruaz beste egiten saiatu den pertsona. Apesteguiren kasuan, duela bost urte gertatu zen. Bere buruaz beste egin zuen, baina berpiztea lortu zuten. Ospitale psikiatrikoan egonaldi luze bat egin ondoren, «bizitzaren aldeko apustua egitea eta bere traumak gainditzea erabaki zuen», gogoratu du elkarteak.

Arazo sozial bati ikusgarritasuna ematea

Zehaztu dutenez, eginiko ibilbide horretan drogetatik urruntzea izan zen «lehen urratsa» bigarrena «herritarrentzat tabua den arazo sozial bati ikusgarritasuna ematea».

Ignacio Apesteguik berak adierazi duenez, jende askori gertatu ahal izan zaio ohera joan, adibidez, eta hil nahi izatea, baina hurrengo egunean pentsamendua desagertu egiten da, «pentsamendu okerra izan dela ziurtzat joz».

«Aldiz, behin pentsamendu hori urrunago badoa eta zure buruaz beste egiten saiatzen bazara, bizitza osorako zara suizida, eskura duzun tresna bihurtzen da, eta lan handia duzun eta oso presionatuta zauden edozein egunetan edo mozkorraldi handiegi batekin edo familiarekin edo lanean eztabaidatzen duzunean... tresna hori hor egongo da, dagoeneko suizida zarelako», zehaztu du.

Hitzaldia AERGIk Antxota kalean duen egoitzan izango da, astelehenean, 19.30ean, eta online jarraitu ahal izango da elkartearen web orriaren bidez eta bere sare sozialetan.