GAUR8

‘Otsailaren 11 erakusleihoak’, emakume zientzialarien aldeko ekimena 218 saltokitan

Zientzia eta teknologian aditu diren emakumeen ibilbideek apainduko dituzte 218 dendatako erakusleihoak hilabetean zehar, euren bizitza eta lanaren dibulgatzaile bihurtuz. Neska Zientzialarien Nazioarteko egunarekin bat eginez, gazteen artean bokazio zientifikoa sustatzea da ekimenaren helburua.

218 establezimenduk bat egin dute Elhuyar Fundazioak bultzatzen duen ekimenarekin.
218 establezimenduk bat egin dute Elhuyar Fundazioak bultzatzen duen ekimenarekin. (Elhuyar Fundazioa)

Bilbo, Abanto, Barakaldo, Mungia, Elgoibar, Deba, Beasain eta Donostiako 218 saltokik emakume zientzialarien ibilbidea plazaratzen ari dira egunotan euren erakusleihoetan, Elhuyar Fundazioak bultzatzen duen ‘Otsailaren 11 erakusleihoak’ ekimenarekin bat eginez.

Kanpaina nesken bokazio zientifikoak sustatzeko helburuarekin otsailaren 11n ospatzen den Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin lotuta dago. Emakume ikertzaileen biografiak eta historia dira egitasmoaren ardatz nagusiak, eta erronka, gazteak inspiratzea.

Hilaren 3tik 13ra bitartean egingo da arestian aipatutako udalerri gehienetan. Hala ere, Deban, 10etik 20ra egingo dute; egun berean hasiko da Donostian, baina 17ra arte luzatuko dute bertan; eta Elgoibarren, martxoaren 1etik 19ra jantziko dituzte erakusleihoak emakume zientzialarien historiekin.

Establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskaintzen dio erakusleihoa, haren informazioa eta ikerketan inspiratutako apainketa sortuz. «Emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten lagunduko dute», azpimarratu du Eluyar Fundazioak.

Ginkana eta bi erakusketa

Egitasmoaren barruan, gainera, ginkana egiteko aukera izango dute 12 saltoki baino gehiago dauden herrietan, ‘Actionbound’ aplikazioa jaitsiz. «Dendaz denda 12 emakumeen kartelak bilatu eta bertako QRak eskaneatuta, emakumeen inguruko galderei erantzun beharko zaie», zehaztu dute ohar batean.

Ikusgai egongo diren irudietan oinarrituta, bestalde, bi erakusketa antolatu ditu Elhuyarrek. Horietako bat Eureka! Zientzia Museoan izango da otsailaren 17ra arte, «zientzia eta teknologia arloko 12 emakumeak omentzeko». Hitzorduak esperimentu bereziak izango ditu familientzat hilaren 11n eta 12an.

Bigarren erakusketa Bizkaian izango da, Barakaldoko Clara Campoamor Zentro Zibikoan, otsailaren 11tik 24ra.