GAUR8

Abian da igaraba eta bisoi europarraren populazioak hobeto ezagutzeko hiritar proiektua

Arabako ibaietan dauden igaraba eta bisoi europarren jarraipena egingo dute hamabost egunetan zehar 100 kilometroko eremuan irudiak hartuko dituzten 50 kameren bidez. Proiektuak herritarren parte hartzea eskatzen du, dispositibo horiek instalatzeko.

Herritarren parte hartzea eskatzen duen proiektua jarri dute abian Araban, herrialdeko ibaietan bizi diren igaraba eta bisoi europarren habitaten jarraipena egiteko. Azaldu dutenez, «Arabako Natura 2000 Sareko» ibaietan garatuko da zientzia egitasmoa, eta populazio horiek hobeto ezagutzea da heburu nagusia.

Habitat horien inguruko informazioa eskuratzeko, 50 kamera jarriko dituztela zehaztu dute. Aldi berean funtzionatuko dute guztiek eta bi kilometroko distantzia utziko da haien artean. Dispositibo horiek jartzeko boluntarioen laguntza eskatu dute. 

Kamerak 15 egun egongo dira jarraian leku berean, hilaren 25etik martxoaren 12ra bitartean, zehaztu dute proiektuaren bultzatzaileek.

Formazioa eta materiala

Parte hartzeko asmoa agertzen duten herritarrek formazioa jasoko dute eta landa lanak egiteko beharrezko materiala emango zaie: kamera, pilak eta SD txartela.

Egitasmoaz, Natura 2000 Sareko ibaietako ehun kilometroko eremua hartuko dutela eta «foto-tranpeo bidezko ugaztun erdiakuatikoen jarraipen proiektua» izango dela azaldu dute. Kamera horien instalazioa eta jarraipena egiteko behar dira bolondresak, irudiak hartuko dituzten egunetan zehar.