GAUR8

‘Galdakaoko etxeak, jabeak, bizilagunak… XVI. mendetik 1936 urtera’ liburua aurkeztu dute

Baserrien, jabeen eta bizilagunen historiaren bidez, XVI. mendetik 1936. urtera arteko herriko ondarearen memoria berreskuratzen duen liburua aurkeztu dute Galdakaon.

Xabier Valencia egilea Olaia Parra zinegotziarekin, liburuaren aurkezpenean.
Xabier Valencia egilea Olaia Parra zinegotziarekin, liburuaren aurkezpenean. (Galdakaoko Udala)

Torrezabal kultur etxean ikusgai dagoen ondare kulturalaren gaineko erakusketaren baitan, herriko ondarea eta harekin batera historiaren hainbat pasarte jasotzen dituen ‘Galdakaoko etxeak, jabeak, bizilagunak… XVI. mendetik 1936 urtera’ liburua aurkeztu dute gaur.

Xabier Valenciaren lana da, eta denbora tarte horren herriko etxeen eta bizilagunen gaineko historiaren ikuskera bat eman nahi izan duela azaldu du. «Herrian ahaztuta egon diren baserri eta eraikuntzen historia berreskuratzea, balioan jartzea eta argira ateratzea» izan dira helburuak, Valenciaren esanetan.

Lana urteetako ikerketaren emaitza da, eta Onomastika Elkarteko Ander Rose eta Jose Alfonso Antequera adituen dokumentazioan oinarrituta dago.

2019. urtean, bertsio digitala aurkeztu zen, orain liburu formatua du. Zehaztu dutenez, argitaratutako azken ale honek auzoetan jartzen du fokua. Jugo, Aperribai, Bengoetxe, Urreta-Egia, Elexalde, Kurutze, Zamakoa, Zabalea, Plazakoetxe-Ibarluzea, Zuhatzu, Bekea, Eitzaga eta Basozabal-Basabal auzoak dira nagusiki agertzen direnak, baina beste auzo batzuk protagonista dituen bigarren lan bat dago bidean.

Mila biztanleko herrixka

Gogoratu du Valenciak XX. mendearen hasieran mila biztanleko herrixka bat zela Galdakao, eta «Errege Bidea kentzeak, Juan Bautista Uriarte kalea zabaltzeak eta Zuhatzuko zubia eraikitzeak» herriaren haziera ekarri zutela.

Garaiko etxeak aztertu ditu lanean, «baita garaiko bizimodua baldintzatzen zuten bestelako kontu batzuk ere; esaterako, maiorazgoak, errotak, benta-tabernak, meatze guneak…».

Toponimiari emandako garrantzia azpimarratu dute. Horrekin lotuta, Valenciak zehaztu du asko direla desagertu diren antzinako etxe eta baserriak, eta zenbait auzoren izenak ere aldatu direla.