GAUR8

UPV/EHUko graduatuen okupazio tasa altua erakusten du Lanbideren azterlan batek

Lanbidek egindako azterlan batek UPV/EHUko hainbat titulaziok lortzen duten okupazio tasa handia erakusten du, hogei bat gradutan %100era edo hortik gertura hel daitekeena.

Unibertsitatean sartzeko ebaluazio probak, artxiboko irudian.
Unibertsitatean sartzeko ebaluazio probak, artxiboko irudian. (Jon URBE | FOKU)

UPV/EHUko 2018ko promozioko tituludunen %87 lanean ari zen graduko ikasketak amaitu eta hiru urtera. Kolektibo horren okupazio tasa altu horren ondoan, jarduera tasa –lan egiten dute edo lana bilatzen ari diren pertsonen portzentaia adieratzen duen indizea– %92koa da, eta enplegu tasa –lan ordaindua duten edo jarduera profesional independentea duten pertsonen ehunekoa pertsona guztiekiko– %80koa da.

Ikasketekin lotutako lan jarduera aurkitzeko portzentai altu horiek erakutsi ditu Lanbide enplegu zerbitzuak UPV/EHUko graduatuei buruz egin duen ‘Laneratzeari buruzko azterlana’ txostenak. %73ko erantzun indizea izan duen 4.464 pertsonari egindako inkesta baten emaitzetan oinarrituta daude datuak, ohar batean zehaztu dutenez.

Txostenak emandako informaziotik ondorioztatu daiteke, bestalde, ratioen ehunekoak ez direla aldatzen generoaren arabera, eta nabarmentzen da hogei bat titulaziotan ematen den erabateko edo ia erabateko okupazio tasa: %100ekoa edo hortik oso gertu.

Medikuntza, Odontologia, Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektronikoa, Ingeniaritza Elektrikoa, Industria Antolakuntzaren Ingeniaritza, Farmazia, Erizaintza, Biokimika eta Biologia Molekularra, Industria Elektronikoaren eta Automatikoaren Ingeniaritza, Ingeles Filologia, Elikagaien Teknologia eta Giza Nutrizioa eta Dietetika daude okupazio tasa altuena duten tituluen artean.

Lan batean hasteko batez besteko denborari erreparatu dio azterlanak: bost hilabete; baita lan egoerari: %2,9k besteen kontura egiten du lan, eta %3,81ek norberaren kontura eta %7,8k ikasten jarraitzen du. Gainerakoen artean, doktorego edo ondoko kontratuak dituztenak daude, baita ezintasunen bat duten pertsonak edota kooperatibetako bazkideak, besteak beste.

Soldatak eta hizkuntza

Lanbideren azterlanak soldata eta lanaldien gaineko datuak ere jasotzen ditu: «Lanaldi osoari dagokion batez besteko soldata 1.600 euro garbi» da, 14 ordainsaritan. Jakintza arloei begiratuta, 1.891 euro da altuena, Osasun Zientzietan; eta Giza Zientziak eta Zientzia Esperimentalak tituluetan ematen dira txikienak: 1.413 euro.

Lanaldiari dagokionean, ordutegi murriztuen ehuneko handiago bat dago emakumeen artean gizonekin alderatuta, «ia bost puntu gehiago», eta hizkuntzen atalean, inkestatuen %50ek egunero euskara erabiltzen duela adierazi du eta %32k ingelesa.

Datuok oso positibotzat jo ditu Eva Ferreira errektoreak. «Zalantzarik gabe, arlo jakin batzuetan hobetu egin behar dugu, lan baldintza guztiak eta enpleguaren kalitatea hobetu behar ditugun bezala, baina beharrezko hobekuntza horiek lortzea guztion lana da, gizarte osoari dagokion zeregina», adierazi du.