GAUR8

‘World cafe’ formatuko batzarrak Sopelan, HAPO berria egiteko

Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berritzeko zabaldu den prozesuan herritarren parte hartzea errazteko, «world cafe» formatuko saio bi izango dituzte solpeloztarrek, webgunean eskuragarri dauden kanal digitalez gain.

Sopelako hondartzen aparkalekuetako bat, irudian.
Sopelako hondartzen aparkalekuetako bat, irudian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berritzeko prozesua abiarazi dute Sopelan. Diagnostiko fasean dago dokumentua, «aurrerapen-dokumentua idatzi aurreko fasean», eta herritarren parte hartzea bultzatzeko hainbat bide zabaldu ditu Udalak.

Egungo diagnosia «herritarrekin elkarlanean» osatzeko, ‘World cafe’ formatua izango duten bi saio ireki deitu ditu Kurtzioko kultur etxean, hilaren 16an eta 23an, «ideiak eta iritziak» jasotzeko.

Lehenengo saioan mugikortasuna eta azpiegiturak izango dira hizpide, baita espazio publikoa eta ekipamenduak, eta paisaia eta landa eremuak, iragarritakoaren arabera. Etxebizitza, jarduera ekonomikoaren eta hirigintza-garapena bigarren jardunaldian jorratuko diren gai nagusiak izango dira.

Saio bakoitzean hiru lan-mahai planteatzen dira. Horietan parte hartzea txandakatuz, ideiak eta iritziak jasotzeaz gain, gainerako parte-hartzaileen proposamenak entzuteko aukera erraztuko dela nabarmendu dute.

Izan ere, osoko bilkura era bateratze-lanarekin itxiko dira saioak, zehaztu dutenez. Hobetzeko eta balioesteko ekarpenak jasoko dira, «eta idazketa-taldeak dokumentu hori kontuan hartuko du aurrerapen-dokumentua egiterakoan».

Eztabaida prozesurako webgune bat sortu du Udalak, informazioa kontsultatzeko, eta bertan, online parte hartzeko kanal digitalak ere eskaintzen direla gogoratu du.