GAUR8

Interneten eta bideojokoen erabilera problematikoa bizi-kalitate txarragoarekin erlazionatu dute nerabeengan

UPV/EHUk parte hartu duen ikerketa baten arabera, gazteen %15,5ek interneten erabilera problematikoa egiten du, eta bideojokoen erabiltzaileen %3,3k nahasmendu-zantzuak ditu. Bi arazo horiek lehen aldiz erlazionatu dira bizi-kalitate txarragoarekin.

Juan Manuel Machimbarrena, Psikologia Fakultatean.
Juan Manuel Machimbarrena, Psikologia Fakultatean. (Nagore IRAOLA | UPV/EHU)

Estatu espainiarreko 16 ikastetxetako 11 eta 18 urte bitarteko 2.024 gaztek internet eta bideojokoak nola erabiltzen dituzten aztertu du UPV/EHU partaide izan den ikerketa kolaboratibo batek. Eta azterlanak erakutsi duenez, interneten erabileran edo bideojokoen online erabileraren nahasmeduan, banaka edo batera, arazoak dituztela erakutsi duten parte-hartzaileek puntuazio baxuagoak lortu dituzte osasunarekin lotutako bizi-kalitatean.

Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera, 2019an 10 urteko haurren %79k ordenagailua zuten, eta %22,3k mugikorra; 15 urterekin, ehuneko horiek %93,6 eta %93,8ra igotzen ziren, hurrenez hurren. Azterlan epidemiologikoen arabera, nerabeen %15ek interneten edo mugikorraren erabilera problematikoa erakusten dute.

Euskal Herriko Unibertsitateko, Errioxako Nazioarteko Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko eta Deustuko Unibertsitateko ikertzaileek lehen aldiz erlazionatu dira Interneten erabilera problematikoa eta Internet bidezko jokoaren nahasmendua, batera, nerabeen osasunarekin lotutako bizi-kalitate txarragoarekin, hau da, ongizate fisiko, mental eta sozial okerragoa izatearekin.

Juan Manuel Machimbarrena UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak —Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologia eta Ikerketa Metodologia Sailekoak— ikerketan parte hartu du, eta dioenez interneten erabilera problematikoa orokortu egin da.

«Berez ez da nahasmendu bat. Erabilera problematikoa izan dadin, online elkarrekintza lehenesteaz gain, gatazkak sortzen dituen erabilera konpultsiboa izan behar da», azaldu du doktoreak. Bestalde, internet bidezko jokoaren nahasmendua lineako bideojokoekin lotutako jokabide espezifikoa da: «Adikzio baten ezaugarriak ditu. Nahasmendu hori duten pertsonak urduri jartzen dira jokatu ezin dutenean; sintoma psikologikoak edo psikosomatikoak izan ditzakete. Eta horrek arazoak sor diezazkieke eguneroko bizitzan», gehitu du.

Teknologia ez da deabrua, ulertu egin behar da

Ikerketaren emaitzek erakusten dutenez, parte-hartzaileen %15,5ek puntuazio handia lortu dute Interneten erabilera problematiko orokorrari dagokionez, eta bideojokoetan jokatzen duten nerabeen %3,3k nahasmendu zantzuak dituzte. Machimbarrenak egiaztatu duenez, «parte-hartzaile gehienek ez zuten inolako arazorik; ez zuten bi arazo horietako bat ere, ez behintzat kezkatzeko moduan. Baina Interneten erabilera orokorrean arazoak zituztenek eta bideojokoak erabiltzeagatik nahasmenduak zituztenek osasunarekin lotutako bizi-kalitate txarragoa zuten».

«Ezin dugu kausalitaterik ondorioztatu. Badakigu une jakin batean bi arazo horiek aldi berean dituen jendeak bizi-kalitate txarragoa duela. Alabaina, baliteke jende horrek bizi-kalitate txarragoa duelako izatea arazo horiek, edo arazo horiek dituelako izatea bizi-kalitate txarragoa», argiitu dute ikerlariek.

Bestalde, ikusi dute «korrelazio handia dagoela Internet modu problematikoan erabiltzen duten eta bideojokoekin arazoak dituzten pertsonen artean». «Baina, era berean, badago jendea aldartea erregulatzeko biak erabiltzen dituena, inolako arazorik izan gabe. Horrek esan nahi du Internet edo bideojokoak maiz erabiltzen dituzten guztiek ez dutela arazo bat».

Machimbarrenaren ustez, gehiago ikertu behar da «adingabeak teknologiarekin nola erlazionatzen diren» ulertzeko. «Gehiago ikertu behar dugu bideojokoekin arazoak dituzten edo beren bizi-kalitatean arazoak dituzten haur horientzat irtenbide bat bilatzeko. Arazoa ez da bideojokoek mendekotasun handia sortzen dutela, baizik eta haurrei beren gogo-aldartea erregulatzen laguntzen dieten estimulu erraz eta erakargarriak direla. Eta hor landu beharreko gauza bakarra ez da bideojokoekiko mendekotasuna, baizik eta pertsona horiek beren bizitzetan dituzten beste alderdi batzuk. Ahalegina egin behar dugu bideojokoak entretenitzen eta motibatzen dituzten gauza bakarra izan ez daitezen».

Era berean, Machimbarrenak dioenez, «gaindimentsionatu egin dira, nolabait, adikzio teknologikoen arazoa edo teknologiaren erabilera problematikoak. Garrantzizkotzat jotzen dugu ustezko mendekotasun horiek testuinguruan kokatzea, arazo horiek dituztenei lagundu behar zaiela ahaztu gabe, baina teknologia deabrutu gabe».