GAUR8

Oinarrizko lanbide heziketaren garrantzia nabarmendu du bideo batean ikasle talde batek

Oinarrizko lanbide heziketako zazpi ikasleren esperientziak bildu dituzte bideo batean, gradu horiek ikasketekin jarraitzeko suposatzen duten aukera nabarmentzeko. Gazte profil zehatz batek gradu horietan integratzeko aurkitzen duen atea eta formakuntza horrek gizarterako duen garrantziaren inguruko hausnarketarako deia egin du HETEL elkarteak, laguntza figura berriak eskatzearekin batera.

HETEL EAEko Abantean Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkarteak Deustuko Salestarren Oinarrizko Graduko Lanbide Heziketako ikasleek zuzendutako bideo bat aurkeztu du gaur. Oinarrizko gradu horiek gazte askorentzat hezkuntza-sisteman jarraitzeko eskaintzen duten aukeraz gain, ilusioaren pizgarri gisa jokatzen duten papera nabarmentzen dute ikasleek eurek haien esperientzietan oinarritutako lanean.

Bideo horren harira, ikasketa horiek egiten dituzten gazteen «erradiografia eta profila» hizpide izan dute Bilbon, lanaren aurkezpenean. Gogoratu dutenez, gradu horiek DBH gaindituta ez duten ikasleak eta eskolatze-etapa amaitu ez dutenentzako aukera bat dira, eta «askotan gazte horiek beren hezkuntza ibilbidea, ibilbide pertsonala eta profesionala bideratzeko salbazio taula bihurtzen» dira.

Motibazio eta autoestimu baxuak

«Erradiografia horren atzean motibaziorik eta autoestimurik gabeko gazteak daude, porrot egin dutela jotzen duen hezkuntza-sistematik eta ulertzen ez dituen gizartetik kanporatuta iristen direnak», azaldu du Julen Elgeta HETELeko presidenteak ikaslego horrek duen berezitasunaz.

Emandako datuen arabera, 2.200 ikasle baino gehiago daude HETELeko oinarrizko heziketa zikloetan, EAEko oinarrizko lanbide heziketaren ia erdia (%45). Profilari dagokionez, 15 urtetik 26 urtera bitartekoak dira, %17 ez da egon DBHn eskolatuta eta %17 EAEko hizkuntzetan alfabetuta ez dauden ikasleak dira.

Beste datu batzuk bildu ditu elkarteak ikasle horien errealitatera hurbiltzeko. Zehaztu du, adibidez, gazte horien %19k aurrez aurrekoa ez den prestakuntzarako baliabide digital nahikorik ez duela, eta %11,9k aitortuta daukala %33tik gorako desgaitasunen bat.

Erantsi dutenez, ikasleen %4,7k neurri judizialak ditu eta %17 gizarte-zerbitzuek artatutakoak dira. Ikasleen jatorriari erreparatuta, ikasleen %33 familia migratzaileetako kideak dia, 40 herrialdetatik etorriak.

Lan munduan aukera zabalak dituzten ikasketak direla azaldu du HETELek. Bere azken enplegarritasun-txostenaren arabera, %53k ikasketak amaitu eta sei hilabetera lortzen du enplegua, eta %70k prestakuntza duala egiten du. Oinarrizko lanbide heziketa egiten duten %60 baino gehiagok erdi mailako heziketa ziklo batean jarraitzen du ikasten, lan merkatuan sartzeko aukerak hobetuz.

Ikasle horien atzean dauden istoriak dira, hain zuzen ere, Deustuko ikastetxean grabatutako bideoaren protagonistak. Joseba Del Valle zentroko irakasleak gradu horietan egiten den lana erakustearen garrantzia nabarmendu du: «Bideo baten bidez zabaldu nahi izan dugu familia, gizarte eta antzeko egoeran dauden gazteei ikasle profil baten errealitatea, hainbat arrazoirengatik beren gaitasun pertsonalak ohiko hezkuntza esparru edo ibilbideetan garatu ezin dituztenak, baina bide horren bidez aurrera egiteaz gain haiek proposatutako lekuetara iristeko gai direnak».

Figura berriak falta dira: piskologoak, pedagogoak...

Profesionalen eta ikasleen ahalegin handiaren ondoan erakundeen inplikazio handiago bat eskatu du Del Vallek, «eguneroko lana hobetzen laguntzeko», eta «figura berriak» aipatu ditu, psikologo, pedagogo, orientatzaile eta irakasleen beharra zehaztuz.

Ikasleek grabatutako bideoak Andoni Goikoetxea Athleticeko jokalari ohiaren parte hartzea izan du. Goikoetxeak berak azaldu duenez, oinarrizko kirolean bezala funtsezkoak dira balioak. Plano horretan, «gainditzeko grina, integrazioa, errespetua, tolerantzia, diziplina, mugak gainditzea, erantzukizuna eta taldean lan egiteko agitasuna» aipatu ditu.

Elgetaren ustez, hausnarketa bat egin beharko luke euskal gizarteak «pertsona horiek Euskadiko produkzio-sistemari egiten dioten ekarpenaren» inguruan, «kontuan izan behar baitugu denbora ematen dutela beren prestakuntzan eta ahalegin handiak egiten dituztela gizartean integratzeko, balioa emanez» eta «balio hori eskatzen ari dira gure enpresak erdi-mailako teknikari kualifikatuen profilik ez dagoelako».