GAUR8

‘Ez utzi harrapatzen’ ludopatiaren aurkako kanpaina abiaraziko dute Sopelan

Ludopatia prebenitzeko kapaina abiaraziko dute ostiralean Sopelan, Joko Arduratsuaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Udalak kezka azaldu du jokalarien kopuruaren igoerarekin eta gero eta gazteagoak direlako. Autodiagnostikorako tresna eta laguntza eskuratzeko informazioa eskainiko dituzte.

Hurrengo hilaren 17an, Joko Arduratsuaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, ludopatiaren aurkako kanpaina jarriko dute abian Sopelan, ausazko jokoek eta apustuek izan ditzaketen arriskuak eta ondorioak azpimarratzeko, eta adikzioen eta joko patologikoaren garapena prebenitzeko.

Udaleko Gizarte Ekintza, Emakume eta Berdintasun eta Lankidetza sailaren ekimena da kanpaina, eta horren aurkezpenean bi arrazoi aipatu dituzte nagusiki: jokalarien kopuruaren igoera eta «gero eta jende gaztearengan duen eragina».

Euskarri ezberdinak izango ditu kanpainak. Informazio kartelak jarriko dira Sopelako eta Larrabasterrako Bizkaibuseko markesinetan eta metro geltokietan, eta QR kode baten bitartez autodiagnostikoko test bat eskuratu ahal izango dute herritarrek, «benetan arazorik duen ebaluatu ahal izateko».

Kode horren bidez ludopatiatik ateratzen lagun dezaketen erakundeei buruzko informazioa ere eskuratu ahal izango da.

Kartelen ondoan, bideo bat zabalduko dute sare sozialeetan, mezuaren «hedapena indartzeko eta herritar guztiengana iristeko». Mezu batekin abiatzen da ikus-entzunezkoa: «ausazko jokoak eta kontrolik gabeko kirol-apustuak irteerarik gabeko kalezulo bihur daitezke». Beste datu bat nabarmentzen du: «40.000 euskal herritarrek baino gehiagok arazoak izan dituzte jokoarekin bizitzan zehar».

EAEko Jokoaren Euskal Behatokiak emandako zenbait datu biltzen ditu kanpainak, adibidez, gazteen %24,9k aitortu duela azken urteetan ausazko jokoetan eta apustuetan jokatu duela, eta %31,8 adingabea izanik hasi zela jokoan.

Gazteen jokabideen harira, nabarmendu dute taldean ematen direla jokoekin praktikatzeko hastapenak, eta joko-aretora edo kasinoetara joatea aukera gisa ikusten dutela jokoak sortzen dituen emozioak gizarteratzeko eta taldearekin partekatzeko.

«Klaustrofobia sentsazioa»

Josu Landaluze Sopelako alkateak joko arduratsuarekin eta ludopatiaren prebentzioarekin konprometituta egotearen beharra azpimarratu du, eta «mendekotasun horren ondorioz familia askok hautsita» amaitu dutela gogoratu du. «Sopelako bziilagunak menpekotasun larri honetan ez erortzea nahi dugu, eta hala badaude, irteten lagundu nahi diegu», adierazi du.

Kanpaina «arreta deitzeko deia» da, eta «arrisku eta klaustrofobia sentsazioa transmititu nahi du, ausazko jokoetatik eta kirol apustuetatik eratorritako adikzioek harrapatuta geratzeak dakarren arriskuaren ideia azpimarratzeko», azaldu du Teresa Fernandez zinegotziak.