GAUR8

Garapen jasangarriarekin lotutako SGS ziurtagiria eman diote Punta Begoñako berreskurapenari

Punta Begoñako galeria berreskuratzeko proiektuak SGS nazioarteko ziurtagiria jaso du, prozesuak jarraitu dituen jasangarritasunarekin lotutako irizpideak nabarmenduz.

Punta Begoñako galeria, atxiboko irudian.
Punta Begoñako galeria, atxiboko irudian. (Getxoko Udala)

Punta Begoñako galeriak berreskuratzeko eta balioesteko prozesuak nazioarteko SGS Ziurtagiria lortu du, «Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzen laguntzeagatik», jakinarazi du Getxoko Udalak.

International Certification Services erakunde independenteak ematen du ziurtagiria, eta «munduko liderra da ikuskaritzan, egiaztapenean, saiakeretan eta ziurtagiriak ematen», nabarmendu dutenez.

Kalitatezko hezkuntza, genero berdintasuna, ingurumena, berrikuntza, gizartearen parte hartzea, hiri eta espazio jasangarriak sortzea edo tokiko garapenari laguntzea bezalako irizpideak dira ziurtagiriak kontuan hartzen dituenak.

Udal Gobernuak nabarmendu du, bestalde, «salbuespen bat dela kultur ondarearen proiektu bat ziurtatzea, Garapen Jasangarriaren Helburuei egiten dien ekarpenagatik».

70.000 lagun baino gehiagoren parte hartzea

Eraikin historikoaren eraikitze sozialak izan duen 70.000 lagun baino gehiagoren parte hartzea, «gardentasuna eta informazio publikoa», eta genero berdintasunaren aldeko ekimenak dira, besteak beste, balorazio horren atzean dauden faktoreak, zehaztutakoaren arabera.

Jon Ander Madariaga Punta Begoñako ordezkariaren esanetan, aitorpenak «jasangarritasunari lotutako hainbat adierazletan eta zaharberritze-prozesuak jaso dituen askotariko errekonozimenduetan, eta proiektuaren planteamenduan eta garapenean jartzen du arreta».