GAUR8

Euskal Herriko Erdi Aroko Gazteluak, Bibat Museoaren protagonistak apirilera arte

Bibat Museoan gazteluak eta dorretxeak protagonista dituen erakusketa bat egongo da apirilera arte. Euskal Herrian kontserbatzen diren defentsa-egitura horietara hurbiltzeaz gain, botere gune horien bizimodua ere jorratzen da.

Erakusketan ikus daitezkeen piezetako batzuk, irudian.
Erakusketan ikus daitezkeen piezetako batzuk, irudian. (Arabako Foru Aldundia)

‘Euskal Herriko Erdi aroko gazteluak. Lurraldearen zaindariak eta boterearen irudiak’ aldi baterako erakusketa hartuko du Bibat Museoak datorren apirilera arte.

Defentsa sistema ziren eraikin horien gaineko informazioaren ondoan, indusketa arkeologikoetan aurkitutako 150 pieza baino gehiago biltzen ditu erakusketak.

Bost multzotan antolatuta dago: gazteluak eraiki zireneko garaiari dagokion atala, forma arkitektonikoei dagokiena, lurralde boterearen gune gisa zuten eginkizunari dedikatutakoa eta gazteluetako bizimoduan zentratzen den bosgarren atal bat.

Gaztelu eta dorretxei buruzko bi bideo

Bi bideok osatzen dute erakusketa. Horietako batean, «goitik begiratuta, lurraldearen erakusgarri diren hamar gaztelu eta dorretxe» eta Euskal Herrian sakabanatuta dauden beste 50 gotorlekuren irudiak» ikus daitezke, aurreratu du Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak.

Bigarren bideo batek garaiko «gerra gatazkak» irudikatzen ditu. Eraikin horiek betetzen zuten paperaren harira, azpimarratu du Del Valek etsaietatik defendatu eta herritarrak babesteko eraiki zirela egitura haiek, baina «irudi partziala» dela hori.

Erakusketak berak plazaratzen duenez, eremu bat kontrolatzen zuen botere gune ziren baina baita gizartea antolatzeko sistema feudalaren tresna politikoak ere.

Arabako Diputazioak sortu eta antolatu du erakusketa eta Bibat Museoari laga dio, ‘Tutankhamon, 100 urtez liluratuta’ erakusketarekin egindako truke baten ondorioz, zehaztu dute ohar batean.