GAUR8
Gaur X urte

Martxoaren 3ko sarraskia: zauriak irekita dirau

Zauriak agerian segitzen du. 47 urte betetzen dira greba orokor baten bueltan poliziak Gasteizen tiroz hil zituela bost langile; beste ehun inguru zaurituak izan ziren. Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Gara-k akordioa erdietsi berri dute eta gertakarien aldeko Memoriala errealitatea izango da.

Martxoaren 3an poliziak hil zituen langileen omenezko ekitaldia, artxiboko irudian.
Martxoaren 3an poliziak hil zituen langileen omenezko ekitaldia, artxiboko irudian. (Endika PORTILLO | FOKU)

Gasteizeko Zaramagako San Frantzisko elizan, harresiek eta leihateek balek eragindako arrastoak gordetzen dituzte oraindik, gertaerak ahanzturan eror ez daitezen asmo metaforikoa. 47 urte igaro dira 1976ko martxoaren 3ko sarraskia jazo zenetik eta zauriek bertan diraute.

Francoren heriotza gertatu zenetik hilabete bakan batzuk baino ez ziren igaro, eta lehenagotik indarrak metatzen ari zen langileria geroz eta antolatuagoa zegoen beren eskubideen defentsan. Martxoaren 3 hartan greba orokorra deitua zegoen eta, Gasteizen, hiriburuko enpresa gehienek bat egin zuten deialdiarekin. Ikasleek, hiritarrek eta etxean lan egiten zuten emakumeek ere mugimendua babestu eta atxikitu egin ziren, aktiboki batzuk, modu sinbolikoan beste batzuk. Zutabeetan antolatuta, industria guneetatik erdigunera oinez hubildu ziren milaka langile.

Hasieratik jazartuak, Polizia Armatuak grebalarien zutabeen aurka oldartu zen, oso gogor, eta goiz erdirako lehen bala-zaurituak izan ziren.

Aurreko egunetan ez bezala, Poliziak ez zituen auzoetako elizetan batzarrak baimendu eta indarrez aterarazi zituen. Ordea, San Frantzisko eliza jendez betetzen utzi zuen eta barruan 4.000 pertsona inguru bildu zirenean (kanpoan beste milaka), eraikina husteko agindu eman zuen.

Gas negar-eragileaz baliatu ziren poliziak eta, orduan bai, izuaren ondorioz han zeudenak ihesi ateratzen hasi ziren. Une horretan jarri zen tiroka polizia. Emaitza, ehun bat zauritu eta bost hildako.

Francisco Aznar Clemente (17 urte), Romualdo Barroso Chaparro (19 urte) eta Pedro Mari Martinez Ocio (27 urte) elizaren inguruan hil ziren, une hartan. Beste bi langile , zauri larrien eraginez, hurrengo egunetan zendu ziren: Jose Castillo Garcia (32 urte) eta Bienvenido Pereda Moral (30 urte).

Ordutik aurrera Gasteizko Sarraskia bezala ezagutuko zena gertatu zen.