GAUR8

‘Eta hala ez bazan?’, bideo bat haur literaturan aurreiritzi sexisten aurka borrokatzeko

‘Eta hala ez bazan?’ ikus-entzuneko lana zabaldu du Parean Elkarteak sareetan Irungo Txingudi Ikastolako BHIko ikasle eta irakasleen laguntzarekin, eta Patata Tropikala antzerki laborategiko eta Bira Produkzioak Kooperatibaren parte hartzearekin. Lanak matxismoaren normalizazioaren aurkako tresna izan nahi du.

‘Eta hala ez bazan?’ izenburupean bideo bat sortu du Parean Elkarteak Irungo Txingudi Ikastolako BHIko ikasle, zuzendaritza eta irakasleen laguntzarekin. Literaturaren inguruan gogoeta egitera gonbidatu eta zenbait literatura lanetan dagoen matxismoaren normalizazioa detektatzea bilatzen du ekimenak.

«Ahoz aho kontatzen ditugun ipuin eta istorioek haur eta nerabeengan duten eragina ikusarazi nahi izan dugu, eta aldi berean, haur literaturan matxismoaren normalizazioaren aurka borrokatzeko tresna izan nahi du sarean zabaltzen dugun bideoak», azaldu du elkarteak.

Ekimenean, Patata Tropikala antzerki laborategiko aktoreek eta Bira Produkzioak kooperatibak hartu dute parte. «Hezkidetzaren adeko bitartekoak beharrezkoak ditugu eta are gehiago gure hizkuntzan», azaldu dute ohar batean, lana euskara hutsez sortua izan dela nabarmenduz.

‘Cambia el Cuento’ esperientzia katalana izan dute «oinarri eta bidelagun». Zehaztu dutenez, Irungo Eguzkitza eskolako liburutegian zein Oiartzungo herri liburutegian elkarteak berak egindako ikerketek ondorioztatu dute haur literaturan ager daitezkeen aurreiritzi sexistak.

«Errealitate hori ezagutarazi, sentsibilizatu eta bide batez aurreiritzi sexista horiek desagertzeko bideak ipintzea izan da proiektu honen asmoa ere», azpimarratu dute