GAUR8

700.000 euro jaso ditu EHUk konputazio kuantikorako osagai erabakigarriak garatzeko

Konputazio kuantikoko sistema baten osagai teoriko erabakigarriak garatu beharko ditu EHUk ‘OpenSuperQPlus’ proiektuaren barruan. Ikerketa lerro horrek 700.000 euroko finantziazioa du, Europar Batasunaren 20 milioiko inbertsioa duen egitasmo zabalago batean.

Irudian, Xi Chen eta Mikel Sanz ikertzaileak.
Irudian, Xi Chen eta Mikel Sanz ikertzaileak. (Unai ZORRIKETA | UPV/EHU)

Mila qubiteko konputadora baten osagai teoriko erabakigarriak garatzea izango da EHUko zeregin nagusia ‘OpenSuperQPlus’ (Open Superconducting Quantum Computers) proiektu europarraren barruan.

Erronka horren baitan, funtsezko proba multzo bat diseinatuko dute bi prozesadore kuantikoren errendimendua alderatzeko, hardwarean egindako aurrerapenaren neurri objetktiboa izateko.

Proiektuaren barruan, algoritmo kuantikoen balizko abantailen mugak ezartzeko teknikak diseinatuko dituzte, eta Xi Chen EHUko Ramon y Cajal ikertzailearen taldearekin lankidetzan, aplikazio eta teknika berriak diseinatu eta azeleratuko dituzte makina kuantikoen logistikan, optimizazioan eta ikasketa automatikoan.

EHUk azaldu du ohar batean adimen artifizialaren bidez supereroale sendoen prozesadore kuantikoen belaunaldi berri bat diseinatzeko ikerketa lerro bat garatuko dutela, teknologiaren eskalagarritasuna hobetzeari begira.

Egitasmoaren buruan Mikel Sanz Ramon y Cajal ikertzailea eta Ikerbasque Fellow ikerlaria dago, EHU Quantum Center sortu berriko kidea ere badena.

Sanzek nabarmendu duenez, erronkak Europako hegoaldeko bazkide bakarra den EHU «Europako eta, beraz, munduko erakunde garrantzitsuenen artean» kokatzen du, «konputazio kuantikoaren eta, oro har, teknologia kuantikoaren esparruan».

Hamar herrialdetako 28 kide

EHUren parte hartzea ere izan zuen ‘OpenSuperQ’ poriektuari jarraipena ematen dio egitasmo berriak, eta Holanda, Estatu frantsesa, Finlandia, Alemania, Hungaria eta Suediako funtsezko bazkideak ditu, konputazio kuantikoko enpresa berriak eta «arloan giltzarri diren» beste eragile asko barne. Izan ere, 10 herrialdetako 28 bazkidek hartzen dute parte Forschungszentrum Jülichek koordinatzen duen proiektuan.

Azpimarratu dutenez, EHU da bazkide teoriko nagusietako bat. Unibertsitatea Tecnalia eta BCAMekin (matematika aplikatuen mugetan diziplinarteko ikerketarako euskal zentroa) batera arituko da, «euskal ekosistema kuantikoan osagai horietako batzuk garatzeko».

Zazpi urteko agenda du Europar Batasunaren 20 milioi euroko finantziazioa lortu duen egitasmoak, Horizon Europe esparru-programaren barruan.

Forschungszeko Frank Wilhelm-Mauch koordinatzaileak zehaztu duenez, «Europako funtsezko adituak biltzen» ari dira, «sektore publikoan zein pribatuan, konputazio kuantikoko sistema baten osagai guztiak esparru bateratu batean garatzeko».

«Ordenagailu kuantikoen akatsak gainditzeko eta eskalatzeko erronka teknologikoak Europako ekosistema kuantiko garrantzitsuaren esku guztiak behar ditu», erantsi duenez.