Irungo prostituzioari buruzko ikerketa egin dute, ezkutuko errealitate baten erradiografia

Arrats elkarteko Aukera zerbitzuak Irun eta inguruetako prostituzioari buruzko azterlana egin du Irungo Udaleko Berdintasun Arloak eskatuta. Helburua prostituten kezkak eta beharrak ezagutzea da, pertsona horien ongizatea hobetzeko har daitezkeen neurriak aztertzeko.

Ikerlana luzea eta sakona da. 174 orrialde ditu guztira eta Irungo kasua aztertzeko egina dagoen arren, prostituzioaren errealitate orokorra hobeto ezagutzeko hainbat gako biltzen ditu: prostituzioaren historia, hura baldintzatzen duen legeria, hainbat herrialdetako egoera...

Irungoak izan daitezkeen elementu konkretu batzuk kenduta –espainiar eta frantziar Estatuen arteko mugan egotea, adibidez–, txostenak erakusten duen errealitatea Euskal Herriko beste hiri eta herri batzuetan aplikatu daiteke.

Irunen aspalditik lanean ari den Aukera programak 102 prostitutaren iritziak bildu ditu, horretarako propio sortutako zazpi orriko galdetegi baten bitartez. Helburua datu kuantitatiboak biltzea zen, baina baita kualitatiboak ere, hainbat gairen inguruan iritziak eskatuz eta sentitzen dituzten kezka eta beharrez modu irekian galdetuz.

Datu kuantitatiboei dagokienez, profila nahiko argi geratu da: galdeketan parte hartu duten pertsonen %91 emakumezko zisgeneroak dira, %96 "atzerritarrak" –espainiar Estatutik kanpo jaioak– eta guztiek, %100, seme-alaba edo senideren bat zuten ardurapean.

Ondorio kualitatiboei dagokienez, nabarmena da prostituzioan diharduten pertsonen zaurgarritasuna oso lotuta dagoela beraien egoera legala erregularizatzeko dituzten arazoekin. Alde horretatik, erroldatzeko aukera eskaintzearen garrantzia nabarmendu dute ikerketaren arduradunek.

Larunbatean argitaratuko dugu azterlanaren errepaso mamitsua eta ikerketan parte hartu duten Sonia Vega eta Eli Paduraru Aukeran zerbitzuko profesionalei egindako elkarrizketa.

«Erroldatuta egotearen garrantzia ez dute ezagutzen emakume askok. Ez dakizu zuretzako berria den herrialde bateko erakundeek nola funtzionatzen duten, nora jo dezakezun paperak egiteko...», aipatzen du adibidez Paduraruk elkarrizketa horretan.