GAUR8

‘Kirol inklusiboaren jaia’ ospatuko dute igandean Amurrion

Hainbat kirol egokitu praktikatzeko aukera izango dute haurrek igandean Amurrion, desgaitasuna duten eta ez duten lagunentzako «salbuespenik gabeko espazioa» eskainiz. Jarduerak 10.00etatik 13.00etara izango dira.

Haurren arteko eskrima saioa, artxiboko irudian.
Haurren arteko eskrima saioa, artxiboko irudian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Igeriketa Inlusiboko lehen Saria ospatu berri dute Galdakaon, eta datorren igandean (hilak 12) kirol egokitua protagonista izango da Amurrion. ‘Kirol inklusiboaren jaia’ ospatuko dute udalerri arabarrean. Arabako Foru Aldundiko Kirol Sailak, Udalak, Kirol Egokituen Arabako Federazioak eta Zuzenak Fundazioak antolatzen dute ekimena.

Aurreratu dutenez, gurpil-aulkiko saskibaloia, saskibaloi inlkusiboa, mahai-tenisa, badminton edota slaloma bezalako kirolak praktikatu ahal izango dira Aiaraldeko herrian. Horrez gain errealitate birtualeko betaurrekoekin egiteko jarduera ludikoak ere izango dira.

Jarduerak Bañuetako kiroldegian izango dira, 10.00etan hasita eta 13.00ak arte. Desgaitasuna duten adingabeek ariketa fisikoa egiteko aukera izango dutela, zehaztu dutenez. Espazio komun horretan, haurrek elkarrekin hainbat kiroletan modu inklusiboagoan jolasteko aukera ere izango dute. Helburua da salbuespenik ez duen gunea sortzea, «pertsona guztientzat», adierazi dute.

Foru Aldundiko Kirol Saileko arduradunek azaldu dutenez, «kirol inklusiboaren inguruko prestakuntza eta sentsibilizazioa» lortzea du helburu, eta, aldi berean, kirol egokituaren berezko balioak bultzatzea eta kirolean desgaitasun ezberdinak dituzten pertsonen partaidetza handitzea».

Parte hartzeko ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Aurreratu dute, gainera, «oparitxo» bat jasoko dutela parte hartzaile guztiek.