GAUR8

1890 eta 1950 urteen arteko Sopelako memoria historikoa berreskuratu du ikerketa batek

1890. urtetik 1950. urtera arteko memoria ondarea jaso du ‘Sopela, 60 urteko historia: Berrezarpenetik Frankismora’ ikerlanak. Proiektua liburu formatuan argitaratuko da, eta lana osatzeko garaiko Sopelako irudiak gordetzen dituztenei aldi baterako uzteko dei egin die Udalak, irudien kopiak egin ahal izateko.

Garaiko pentsaren ale bat, irudian.
Garaiko pentsaren ale bat, irudian. (Sopelako Udala)

Duela bi urte abian jarritako ikerketaren emaitza da ‘Sopela, 60 urteko historia: Berrezarpenetik Frankismora’ lana. Koldo Somokueto historialariak zuzendu du eta Ludger Mess historialariak eta EHUko katedradunak gainbegiratu du 1890. urtetik 1950. urtera arteko memoria historikoa berreskuratzen duen egitasmoa.

Udaleko Kultura Sailak eta Eusko Ikaskuntzak bultzatuta, herriko ondare historikoa jorratzen du lau etapatan banatuta: ‘Berrezarpena eta Primo de Riveraren diktadura (1890-1930)’; ‘Bigarren Errepublika (1931-1936)’; ‘Gerra Zibila Euskadin (1936-1937)’ eta ‘Lehen Frankismoa (1937-1950)’.

Liburu formatuan publikatuko den lan mardula da, azpimarratu dutenez, eta ez da gertakari politikoetara mugatzen, egoera sozio-ekonomikoa, linguistikoa eta eguneroko bizimoduarekin lotutako hainbat datu eskaintzen baitu.

Hirurogei urteko historia laburbiltzeak duen zailtasuna nabarmendu du Somokuetok, batez ere «garai horretako intentsitatea kontuan hartuz». Azaldu du, bestalde, «termino historikoetan, udalerriek, mugakideak izan ala ez, elkarren artean elkarreragiten» dutela, eta «horregatik, lana kokatuta dagoen aldi historikoak aztertzeko, beste eremu batzuetara ere jo behar» izan dela, «hala nola Estatura, probintziara edo eskualdekora, udalerrian gertatzen denaren erreferentzia guztiak aurkitzeko».

Trenbidea, bainulari berriak, prentsa...

Sopelako iraganera doan bidaia horretan, XIX. mendeko azken hamarkadetan trenbidearen iritsierak ekarri zuen aldaketa iraultzailea mugarri handienetako bat da. Bilborekiko distantziak murriztean, herriko bizilagun asko sartu sartu ziren lanera Itsasadarraren inguruko industrietara; baratzeko produktuak saltzen zituzten emakumeek inguruko merkatuetara joan ahal izan zuten, bainulari bilbotarren etorrera ekarri zuen.

Lanaren inguruan Somokuetok eman dituen zertzeladen artean, ehunka bainulari hartzen hasi ziren hondartza sopeloztarretan izaten ziren itotakoen aurrean garaiko prentsak zuen «trataera sentsazionalista» aipatu du.

Emakumeen rolaren azterketa ere hizpide da lanean, 1933ko apirileko hauteskundeak edota 1936ko Gerrarekin lotutako pasadizuen ondoan.

Helebidunez argitaratuko den liburua osatzeko, epe historiko horren Sopelako argazkiak gordetzen dituzten lagunei dei egin die Udalak, dokumentu grafiko horiek Kurtzio Kultur Etxean utz ditzaten, kopiak egin ahal izateko.