GAUR8

Euskal jatorriko gazte ipar amerikarrak gonbidatu dituzte udan Goierriko familiekin egonaldiak egiteko

Euskal jatorria duten AEBetako 50 gazte inguruk Goierriko familiekin egonaldia egiteko aukera izango dute ekainaren 25etik uztailaren 16ra. Euskal kultura ardatz hartuta komunitate bien arteko harremanak eta loturak indartzea da helburua.

Euskal jatorriko gazteei zuzendutako kartela, irudian.
Euskal jatorriko gazteei zuzendutako kartela, irudian. (Batzen Kultur Elkartea)

‘Ateak ireki 2023’ egitasmoaren barruan, euskal jatorria duten Ipar Amerikako 16 eta 25 urte bitarteko gazteentzako egonaldiak prestatu dituzte Goierrin, ekainaren 25etik uztailaren 16ra.

1974. urtean Boise State University-ko Pat Bieter irakasleak Oñatin hasitako esperientziaren segida da Batzen Kultur Elkarteak antolatzen duen ekimena, euskal kultura ardatz hartuta komunitate bien arteko harremanak sendotu eta zubiak eraikitzeko helburuarekin.

Euskara eta euskal kulturaren aldeko pertsona aktiboak izatea, harreman pertsonalak sortzea, elkar ezagutza indartzea eta euskal diasporaren ezagutza hurbilago bat izatea dira proiektuak epe ertain-luzera begira finkatu dituen beste helburuetako batzuk.

North American Basque Organizations (NABO) elkartearekin eta Goikekin batera antolatuta, edizio honetan 60 lagunek eman dute izena egonaldian parte hartzeko, 52 izan dira onartuak eta lau lagun itxaron zerrendan daudela zehaztu dute.

19 eta 23 urte bitarteko gazteak dira Goierri bisitatuko dutenak, emakumezkoak gehienak, eta haien jatorriari dagokionez, Kalifornia, Idaho eta Nevada estatuen ekarpena nabarmendu dute antolatzaileek.

Ateak zabaltzeko deia

Ekimenak Goierrin duen harrera positiboa nabarmendu dute antolatzaileek. Elkarteak, era berean, dei berezi bat egin die familiei gazte horiei «etxeko ateak zabaltzeko», eta udako egonaldiak eskaintzen duen aukera baliatzeko, «etorkizuneko zubiak eraikitzeko, bizi guztirako harreman pertsonal estua lortzeko aukera paregabea» baita.