GAUR8

Mintzolaren 2023ko ikerketa-sarien deialdi berri bat jarri dute abian

Euskarazko hizkerari buruzko gradu eta master amaierako lanak eta gaian zentratutako ikerketa zientifikoak saritzen ditu Euskaltzaindiak bultzatzen duen Mintzola proiektuak. Lanak aurkezteko epea martxoaren 31ra artekoa da lanentzako, eta apirilaren 30era arte ikerlan zientifikoentzat.

Egungo euskarazko hizkerari buruzko ikerlan zientifikoak bilatzen ditu Mintzola proiektuak sariekin.
Egungo euskarazko hizkerari buruzko ikerlan zientifikoak bilatzen ditu Mintzola proiektuak sariekin. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Euskarazko hizkerari buruzko ikerketa zientifikoak bultzatzeko xedea duten sarien deialdi berri bat jarri du abian Mintzola egitasmoak. Bi atal jasotzen ditu: euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko zazpi gradu eta master amaierako lanak sarituko dituena, 1.500 eurorekin bakoitza; eta ikerketa lan monografikoetara zuzendutako beste bat, 3.000 euroko hiru sari banatuko dituena.

Gradu eta master amaierako lanen kasuan, 2022-2023 ikasturtean defendatutakoak aurkez daitezke. PDF formatuan helarazi behar dira mintzola@euskaltzaindia.eus helbide elketronikora. Eskaerak eta lanen egitasmoak aurkezteko epea martxoaren 31ra arte egongo da zabalik.

Ikerlanei dagokienez, tesiak bultzatzeko helburuz prestatutako ikerketa lan monografikoen proiektuak onartuko direla zehaztu dute. Bakarka edo taldeka aurkeztuta, unibertsitate-irakasle batek bermatu behar du proiektua, azpimarratutakoaren arabera. Aurkezteko epea apirilaren 30era arte dago zabalik kasu honetan.

Euskaltzaindiak bultzatzen du Mintzola egitasmoa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lakuako Gobernuarekin lankidetzan, askotariko eragileen babesarekin.

Gogoratu dutenez, «egitasmoaren lan eremua euskaraz egiten den ahozko jarduna da, batez ere, euskarazko eguneroko hizkera».

Sarietara aurkezteko baldintzak Euskaltzaindiaren webgunean daude eskuragarri ‘Mintzola hizkeraren lantegia’ atalean. Zehaztu dute, bestalde, deialdiaren inguruko galderak mintzola@euskaltzaindia.eus helbide elektronikora bidal daitezkeela.