Giza garuna eta neuroteknologiak, “Zientzia Hiria”-ren edizio berriko protagonistak

Oraindik neurri handi batean ezezaguna den garunaren funtzionamendura eta eritasunak osatzen lagun dezakeen neuroteknologiara hurbilduko da “Zientzia Hiria” zikloa martxoan eta apirilean. Astearteetan izango dira hitzorduak, 19.00etan, San Telmo Museoan, eta streaming bidez jarraitu ahal izango dira.

Garunaren azterketaren azken aurrerapenak jorratuko ditu ‘Zientzia Hiria’ zikloak.
Garunaren azterketaren azken aurrerapenak jorratuko ditu ‘Zientzia Hiria’ zikloak. (DIPC)

Garunaren azterketaren azken aurrerapenetara hurbilduko da “Zientzia Hiria”-ren edizio berria “Neuroteknologiak giza garunaren ulermenerantz” lerroburua daraman ziklo berriaren eskutik.

Donostia Kulturak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta San Telmo Museoak antolatuta, zikloak jorratuko duen gaiaren sarrera modura gogoratu dute «gure garunerako konexioak planeta osoan Interneten daudenak halako hiru» direla.

Sare neuronal konplexu horretan sortzen da «gizaki gisa definitzen gaituen oro: kontzientzia, pentsamendu abstraktua, irudimena, sormena, ametsak, oroimena», zehaztu dute. Eta matrizearen edozein akatsek eragin dezake alzheimerra, parkinsona edota eskizofrenia bezalako patologia bat. «Zientzia modernoaren misterio handi honen funtzionamendua ulertzetik gertu al gaude?», planteatu dute.

Erantzuna martxoa eta apirila bitartean San Telmo Museoan egingo den hitzaldi zikloan egon daiteke, «lehen mailako» hizlarien eskutik. Programa abiatzeko, datorren asteartean (martxoak 21), «gure burmuinak mezuak ulertzeko hitzen soinua edo zeinuen hizkuntza nola deskodetzen» duen azalduko du Esti Blanco psikolinguista eta Harvardeko Unibertsitateko elebitasunaren neurozientzian ikertzaileak.

Bigarren saioa hilaren 28an izango da, teknologiarekin lotuagoa azken hau. Ander Ramos Basque Nanoneuro Network (B3N) ekimeneko kidea eta Tecnalian neuroprotesi eta neuroteknologiako liderrak «neurona-interfazei eta medikuntza bioelektronikoari» buruz hitz egingo du.

Urrea eta neuronen estimulazioa

Aste Santutik bueltan, apirilaren 18an, Ane Escobar Materialen Fisika Zentroan Gipuzkoa Fellows programako partaide eta B3Nko kideak nanomaterialez eta neuronen estimulazioaz hitz egingo du, baita urreaz ere, «urreko partikulek argia kontzentratzeko eta beroa modu lokalizatuan sortzeko gaitasuna» baitute.

Gaiarekin lotuta, galdera bat utzi dute airean: «Teknologia horiek erabil ahal genitzake kaltetutako neuronen jarduera arautzeko?».

Apirilaren 25ean, mahai-inguru batek Jakiundeko kideak bilduko ditu. Aurreratutakoren arabera, Naroa Ibarretxe errehabilitazio kognitibo eta neuroirudiko adituak, Jose Felix Marti Masso neurozientzialariak, Victor Gomez Pin filosofoak eta Nekane Baluerka soziologoak neuroteknologien erronkak eta arriskuak aztertuko dituzte diziplina ezberdinen ikuspuntuetatik.

Saio guztiak San Telmo Museoan izango dira, gaztelaniaz, eta 19.00etan hasita, baina streaming bidez ere jarraitu ahal izango dira museoaren Youtube kanalean.