GAUR 8
Gaur X urte

Gaur 152 urte Parisko langileek matxinatu eta Komuna aldarrikatu zuten

1871ko martxoaren 18ko gauean, Parisen, gizakion historia garaikidean inflexio-puntu bat bizi izan zen: Parisko Komuna (Commune, frantsesez). Porrota izan arren, matxinada mugimendu hau ikurra bihurtu zen nazioarteko langile-mugimenduarentzat eta haren korronte desberdinentzat.

Matxinada irudikatzen duen marrazki bat.
Matxinada irudikatzen duen marrazki bat. (NAIZ)

«Martxoaren 18tik 19rako gauean, Estatuak, armadak eta poliziak, hau da gizakion bizitzetan eragiten dituzten indar guztiak, denak desegin, disipatu, lurrundu egin ziren. Estatua, munstro hotz hori, txikituta erori zen eta Versallesera eraman zituzten bere hondarrak […] Goiz horretan denak zirudien posible: beste bizitza bat, bizitza desberdin bat, erabateko askatasuna. Paris libre esnatu zen, eta hiriak existitzen direnetik lehen hiri librea bihurtu zen. Bizitza berri baten saiakera egiten ari ziren, non gizonek eta emakumeek beren patuaren agintea hartuko baitzuten».

Hitzok Henri Lefebvrek (1907 - 1991) soziologo eta filosofo marxistaren ‘La proclamación de la Comuna’, Iruñeko Katakrak argitaletxeak kaleratutako liburuan irakur daitezke. Hainbat liburu argitaratu dira Parisko Komunari buruz, hainbat film, hainbat ikerketa.

Eta ez da harritzekoa 1871 urtean (Karl Marxen ‘Manifestu komunista’ baino 23 urte geroago), Parisek letra larriz idatzi zuelako historian eragin sozial eta politiko handiko ‘esperimentu’ hau. 60 egunez herriak gobernatu zuen, hainbat dekretu iraultzaile aldarrikatuz; hala nola, jabeek bertan behera utzitako fabriken autogestioa, langileen seme-alabentzako haurtzaindegiak sortzea, Estatuaren laikotasuna, elizek gizarte-lanetan bat egiteko betebeharra, alokairuen desagerpena...

Ametsa zapuztu zitzaien, dena den. Eta gogor erreprimitu zituzten. Olivier Lissagaray (Toulouse, 1838-1901) kazetari eta idazleak (Txalaparta argitaletxeak bi liburu argitaratu dizkio) 20.000 inguru fusilatu zituztela aipatzen du, haurrak barne. Orotara, 70.000 biktimaz hitz egin du, asko erbesteratu edo kartzelatu zituztelako. Baina ikur bihurtu ziren etorkizunerako.