GAUR8

Arabako 1932. urteko ortoargazki bat sortu dute garaiko herriguneen irudiak baliatuz

Arabako Diputazioak lurraldeko ortoargazki bat osatu du 1930eko hamarkadan lehen landa-katastroa egiteko hartutako aireko irudiekin. Irudiak eskuragarri daude “GeoAraba” atarian.

1932. urteko Gasteizko aireko irudia.
1932. urteko Gasteizko aireko irudia. (Arabako Foru Aldundia)

Arabako Foru Aldundiak 1932-1934 urteetako lurraldeko ortoargazkiak bildu ditu, duela mende bateko Arabako geografiaren gaineko ezagutza zabaltzeko. Diputazioko  Ingurumen eta Hirigintza Sailaren ekimenak artxiboko 3.000 negatibo baino gehiagoren berreskurapena bultzatu du.

Aldundiak berak hala eskatuta, Julio Ruiz de Alda argazkilariak hegaldi fotografiko batean hartutako irudiak dira. Lurralde osoaren eta bertako lurzatien irudiak lortzea zen helburua, Arabako lehenengo landa-katastroa egiteko.

Biztanle-guneen aireko irudi horiek digitalizatu egin dituzte. Zehaztu dutenez, jatorrizkoak zelulosa-nitratozko negatiboak ziren, eta material horrek berez erretzeko arriskua zeukan.

1992. urtean, Katastro Zerbitzuak jatorrizkoen kopiak egin zituen kontserbazioa bermatzeko, eta 2017an material guztiaren digitalizazioa abiatu zen, «artxiboak ez galtzeko eta haren banaketa eta erabilera errazteko».

«Negatibo bakoitza berrikusi eta garbitzeko lana egin ondoren, fotogramak bereizmen handiz eskaneatu ziren, eskaner fotogrametriko bat erabiliz. Halaber, fotograma bakoitzerako gutxi gorabeherako geoerreferentziazio bat lortu zen, irudi bakoitzak lurraldean duen kokalekua ezagutzeko eta egindako hegaldiaren irismen globala bistaratzeko aukera ematen duena», zehaztu du Aldundiak.

Erabilera tekniko ugari

Milaka irudi batuz eta tratatuz lurraldearen ortoargazki bat osatu dute, irudi jarraitu bat eta «lur-azala deformaziorik gabe erreproduzitzen duena». «Posible da harekin mapa kartografiko bat balitz bezala lan egitea, baina irudi batek eskaintzen duen xehetasunarekin», azpimarratu dute.

Erantsi dute balio handiko materiala dela, «dituen ezaugarri bereziengatik, hainbat eremutan aplika daitekeen tresna» delako, batez ere lan teknikoetan: hirigintza, katastroa, baso kudeaketa, lurzoruaren erabilerak, ikerketa historikoa edo herritarrentzako zerbitzua, besteak beste».

Lana “GeoAraba” atarian bistaratu daiteke, eta bisorearen tresnak baliatuz aukera dago, adibidez, beste garai batzuetako ortoargazkiekin alderaketak egiteko, edota gaur egun aldatuta dauden lekuetara hurbiltzeko, batzuk aipatzearren.

Herrigune bakoitzeko irudi multzo bat sortu dute, gainera, formatu ezberdinetan, “GeoAraba”-ren bitartez webgunetik deskarga daitezkeenak.

Diputazioak iragarri du, bestalde, herrigune bakoitzaren paperezko argazki irudi inprimatu bat bidaliko diela udalei eta administrazio batzarrei. Guztira 451 herriren argazkiak dira, eta horien artean egun existitzen ez diren batzuk daudela azpimarratu dute, esaterako, urtegi bat egiteko ur azpian geratutakoak.