GAUR8

ZirTok, umore errimatuaren lehiaketa TikToken

Apirilaren 1ean ZirTok lehiaketa jarriko dute abian. Euskarazko umore errimatua lantzen duten bideo laburrak sortzea eta TikTokera igotzea da gakoa, eta banaka zein taldeka 13 urtetik gorako edozeinek har dezake parte.

Zirtoa, erantzun errimatu barregarria, oinarri duen TikTok-eko lehiaketa antolatu du Bertsozale Elkarteak Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearekin eta Hiru Damatxorekin elkarlanean. Ekimena apirilaren 1ean abiatuko da, eta maiatzaren 31ra bitarte egongo da sortutako bideoak igotzeko aukera.

Gaztetxoen artean oso erabilia den TikTok sare sozialean euskarazko umore errimatua sustatzea du helburu Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza duen ZirTok lehiaketak.

Umore errimatuko bideo laburrak sortzea eta igotzea da gakoa eta, banaka, binaka edo taldeka egin daiteke.

Lehiaketak hiru modalitate izango ditu: deialdirako propio sortu diren TikTokeko filtroak erabiliaz, bat-batean zirtoa edo erantzun errimatua sortzea da bat. Bigarren modalitatean, berariazko filtroak erabiliko dira, bat-batean puntuari erantzuteko. Eta hirugarren modalitatea esketx errimatuak sortzea da (zirtoka, puntuka, kopletan, rapeatzen… edo nahieran).

Eredu ezberdinak ikusgai

TikTokeko ZirTok kontuan eta zirtok.eus helbidean, inspirazio iturri izan daitezkeen eredu ezberdinen bideoak ikus daitezke, baita lehiaketaren oinarriak ere. Adibide horiek ERRE Laukoteko Oihana Araba, Leire Vargas, Haizea Arana eta Aner Peritzek sortu dituzte.

Telefono mugikorrez grabatutako bideoak izan daitezke eta formatu bertikala izan behar dute, zehaztu dutenez. Iraupenari dagokionez, laburrak izan behar direla nabarmendu dute. Era berean, argitu dute lehiaketatik kanpo geratuko direla «pertsonen pribatutasun eta irudi eskubideak urratzen dituzten bideoak baita umore baztertzailekoak ere».

Hamahiru urtetik gorako edozeinek parte har dezake eta parte hartzaile bakoitzak nahi adina bideo igo ditzake TikTokera, «betiere #ZirTok kontua etiketatuta».

500 euroko saria izango du irabazleak. «Esketx errimatuen modalitatean, bat-bateko zirtoen modalitatean eta bat-bateko puntu erantzunen modalitatean 250 euronako sariak izango dira. Eta sari horietaz gain, zozketaz ere beste 250 euroko saria banatuko da», iragarri dute.

Sarituak ekainaren 16an jakinaraziko dira.