Gaur X urte

38 urte GALek Xabier Galdeano EGIN egunkariko langilea hil zuenetik

Xabier Galdeano EGIN egunkariko langilea hil zuen GALek duela 38 urte, Donibane Lohitzunen. Lau mertzenario atxilotu eta kondenatu zituzten hilketagatik.

Xabier Galdeanori 2006an Algortan egindako omenaldia.
Xabier Galdeanori 2006an Algortan egindako omenaldia. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

1985ko martxoaren 30an Xabier Galdeano hil zuen GALek, Donibane Lohitzunen. Galdeano EGINeko Administrazio Kontseiluko kidea, eta korrespontsala, delegatua eta banatzailea zen Iparralden. Ia bi urte zeramatzan Donibane Lohitzunen bizitzen, bera zein bere bikotea hainbat aldiz atxilotuak izan ondoren aldatu ziren Algortatik bertara.

Baionatik itzuli berri zen hil zutenean, aurreko egunean izandako atentatuaren aurkako manifestazioa kubritzetik. Autora zihoan, argazki karretea Baiona-Donostia autobusean uzteko eta beste auto batetik tiro egin zioten, behin buruan eta beste hiru tiro toraxean.

Heriotzaren ondoren hainbat pertsona elkartu ziren Galdeanoren etxe aurrean, ezusteko manifestazio bat eginez, errefuxiatuek pairatzen zuten babesgabetasuna salatzeko. Gorpua eraman zutenean poliziaren kargak egon ziren. Gero, ehun autok baino gehiagok karabanan zeharkatu zuten Donibane Lohitzune bozina jo bitartean, Galdeano beraren autoa buru zela, bere alabetako batek gidatuta.

Hegoaldean ere izan ziren protestak eta Uribe-Kostan greba orokorra deitu zuten. GALek hartu zuen hilketa bere gain eta Guy Cantavenera, Alain Parmentier, Jacky Pinard eta Bernard Foucher mertzenarioak atxilotu zituzten. Frantziar estatuan 20 urteko kartzela zigorra ezarri zieten eta atxilotuetako batek adierazi zuen kontratatu zituztenek lotura zutela Espainiako Poliziarekin.