GAUR8

Fotciencia 18, mikroskopiotik ikusten diren irudi horien erakusketa Tabakaleran

Hurrengo ostiraletik maiatzaren 31ra arte, ‘Fotciencia 18’ erakusketa ikusi ahal izango da doan Tabakaleran. Lehiaketara aurkeztutako 550 argazki zientifikoen artean hautatutako 49 irudik osatzen dute bilduma.

Roberto Bueno Hernandezen ‘Marmarra’ izeneko irudia da Fotciencia 18k erakusten dituen argazkietako bat.
Roberto Bueno Hernandezen ‘Marmarra’ izeneko irudia da Fotciencia 18k erakusten dituen argazkietako bat. (Fotciencia 18)

Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluak (CSIC) sustatutako ekimena da ‘Fotciencia 18’, eta zientziarekin lotuta ikertzaileek zein argazkilaritza zaleek egiten dituzten irudiak biltzen ditu. Mikroskopioek zein kamerek hartzen dituzten irudi bitxi horiek Donostiara iritsiko dira apirilaren 14an, Materialen Fisika Zentroaren (CFM) eta Kutxa Fundazioaren eskutik.

«Fotciencian herritarrek begirada zientifikoa ematen dute, eta zientziak, berriz, punta-puntako irudi-tekniken atzean ezkutatzen den edertasunaren eta gizatasunaran ikuspegia», azaldu dute Tabakalerako 4. solairuan ikusi ahal izango den irudi bildumaz.

Guztira 49 irudik osatzen dute erakusketa eta Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak eta Jesus Serra Fundazioak urtero antolatzen duten lehiaketaren emaitza da.

Izan ere, lehiaketaren 18. ediziora aurkeztutako 550 argazkien artekoak dira Tabakaleran ikusiko ahal izango diren 49 horiek, eta horien artean zortzi irudi zientifiko onenak daude, argazkigintzarekin, mikroskopioarekin, dibulgazio zientifikoarekin eta komunikazioarekin zerikusia duten profesionalen batzorde batek hautatuta.

Erakusketa maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik eta doan bisitatu ahal izango da. Ikusgai egongo diren irudien artean FFP2 maskara baten zuntzek osatzen duten harresia edo dalia bat simulatzen duen laborategi batean hazitako egitura ez-organikoa.

Edizio honetako eta aurrekoetako argazki guztiak Fotcienciaren webgunean ikus daitezke.