GAUR8

Istorioak irudi bidez kontatzen dituztenentzat, abian dago Gaztezulo Bideo Lehiaketa

Istorioak kontatzeko modu asko dago, eta bideo labur bat irudimen handiko tresna izan daiteke. Hori da, hain zuzen ere, Gaztezulo Bideo Lehiaketak bilatzen duena, lan original bat euskaraz kontatuta. Lanak ostiraletik aurrera aurkez daitezke.

Irudian, lehiaketaren edizio berriaren kartela.
Irudian, lehiaketaren edizio berriaren kartela. (Gaztezulo)

«Istorioak irudi bidez kontzea gustuko baduzu, nagiak atera eta hasi filmatzen». Gaztezulo Bideo Lehiaketaren XIV. edizioak egin du deia, lanak aurkezteko epea aste honetan bertan zabalduko baitute.

Aurten filmatutako bideoak eskatzen dira, originalak eta argitaratu gabeak, eta minutu bat eta hiru minutu arteko iraupena izan behar dute, kredituak barne.

Edozein gairen inguruko bideoak izan daitezke, baina baldintza zehatz bi bete behar dituzte: edukiren bat izatekotan (ahotsa, musika, kartelak, elementu grafikoak...) euskarazkoak izan behar dira, eta «ezinbestean, ‘Gaztezulo’ paperezko aldizkaria, aldizkari digitala edota Gaztezulo.eus webgunea azaldu behar dira, zeharka zein istorioaren elementu garrantzitsu gisa».

Lanak aurkezteko epea apirilaren 14tik maiatzaren 26ra arte egongo da zabalik. Azken egun horretan aurkeztekotan, eguerdiko 12.00ak baino lehenago egin behar dela zehaztu dute.

Hiru adituk osatutako epaimahaiak baloratuko ditu ondoren, kalitate artistikoa, originaltasuna eta sormena kontuan hartuz. Aurten, Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz ekimeneko lantaldeko ordezkaria, @elemelonsv tiktoker eta eduki sortzaileak eta Irune Astiz kazetaria eta eduki sortzailea izango dira epaimahaikideak.

Hiru sari

Bideo onenaren egileak 1.200 euroko saria jasoko du, 300 eurokoa bigarren saria jasotzen duenak eta hirugarren sari bat dago, Gaztezulo materialez osatutako opari-sorta, Ikusleen Saria eskuratzen duen gaztearentzat, hau da, ikusleen boto gehien lortzen dituen bideoaren egilearentzat.

Sari banaketa ekainean izango da. Aurreratu dutenez, zuzenean jarraitu ahal izango da Twitch kanalaren bidez, irabazleen eta epaimahaikideen adierazpenak bilduko ditu, eta sorpresak egongo dira.