GAUR8

«Landareekiko itsutasuna: gehienok pairatzen dugun fenomenoa», Bidebarrieta Zientifikoan mintzagai

Bidebarrieta Zientifikoa zikloaren barruan, landareak protagonista dituen hitzaldi bat egongo da apirilaren 26an, Ainara Achurra Biologian doktore eta EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakaslearen eskutik. «Landareekiko itsutasuna» izeneko fenomenoan zentratuko da aditua.

Hazi ekologikoak Beizaman, artxiboko irudian.
Hazi ekologikoak Beizaman, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO | FOKU)

“Landareekiko itsutasuna: gehienok pairatzen dugun fenomenoa” hitzaldia eskainiko du Ainara Achurra Biologian doktore eta EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakasleak apirilaren 26an Bilbon, Bidebarrieta Zientifikoa zikloaren barruan.

Landareek inguruan eta eguneroko bizitzan berebiziko garrantzia duten arren, haien inguruan daukagun ezagutza urria da. Sarritan ez dugu erreparatzen inguruan landarerik dugun edo, asko jota, deigarriak gertatu ez eta atzealdean geratzen diren elementuak dira, azaldu dute hitzaldiaren edukiaren gainean.

Fenomeno horri ‘landareekiko itsutasuna’ deitu zioten James H. Wandersee eta Elisabeth Schussler botanikariek 1999an eta, ordutik, hainbat ikerketa egin dira fenomeno hori ulertzeko.

Faktore biologiko eta soziokulturalak

Landareekiko itsutasunaren arrazoien artean faktore biologiko eta soziokulturalak aipatu dira: alde batetik, gizakien ikusmen sistema deseroso sentitzen da begirada puntu zehatz batean ezin duenean finkatu; bestetik, uste da gizakiaren garuna eta ikusmena animaliak landareak baino azkarrago detektatu ahal izateko garatu zirela.

EHUk eta Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako ikerketa batek agerian utzi duen bezala, gaur egun gazteek hamar animalia izendatzeko arazorik ez duten bitartean, %7 baino ez da gai hamar landare izendatzeko.

Ainara Achurra Biologiako doktorea da eta Zoologian doktorego osteko ikerketan aritu zen Estatu frantseseko Zientzia Ikerketarako Gunean. Gaur egun, EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean irakaslea da Gasteizen. KOMATZI taldeko kidea da eta landareekiko itsutasunaren inguruan ikertzen du.

EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak sustatutzen dute ekimena. Hitzaldia 19.00etan hasiko da, eta sarrera doakoa da. Aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da Bidebarrieta Kulturgunearen YouTube kanalean.