GAUR8

'Auzolandegiak' gazte boluntariotzako udako programan izena emateko epea ireki dute

Adinaren araberako hamar auzolandegik osatzen dute gazte boluntariotzako udako programaren eskaintza. Aurtengo berrikuntza gisa, euskaraz baino ez da izango Muxikan adin txikikoentzat egingo den auzolandegia.

Irudian, Lekeitio,  ‘Auzolandegiak’ gazte boluntariotzako programaren helmugetako bat.
Irudian, Lekeitio, ‘Auzolandegiak’ gazte boluntariotzako programaren helmugetako bat. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Lakuako Gobernuko Gazteria Zuzendaritzak maiatzaren 8ra bitarte ireki du ‘Auzolandegiak’ gazte boluntariotzako udako programan izena emateko epea. Jatorri ezberdinetako gazteek hamabost egunez gizarte proiekzioko lana egiten parte hartzea sustatzen du ekimenak.

Aurten hamar auzolandegi antolatuko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hiru mota egongo dira, adinaren arabera: bost auzolandegi adin nagusientzat (18 eta 26 urte bitartekoak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak izan ezik, horiek 30 urte bete arte parte hartu ahal izango baitute); lau auzolandegi adingabeentzat (14 eta 17 urte bitartekoak, biak barne); 16 eta 21 urte bitarteko gazteek parte hartuko duten bi auzolandegi.

Adingabeentzako auzolandegiak Muxikan, Arraia-Maeztun, Alonsotegin eta Trapagaranen egingo dira, eta 80 leku izango dituzte. Berrikuntza gisa, uztailaren 2tik 16ra bitarte Muxikan egingo den adingabeen auzolandegia euskaraz baino ez da izango, eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako gazteek parte hartuko dute.

Halaber, Arraia-Maeztuko auzolandegia euroeskualdearen esparruan antolatuko da. Zehazki, hiru eskualdeetako 20 gazte adingabek parte hartuko dute, uztailaren 16tik 30era, San Ildefonso asfalto fabrikaren leheneratze arkeologikoan.

Gainera, 16 eta 21 urte bitarteko gazteek parte hartuko dute bi auzolandegitan, Bilbon eta Erandion, 35 tokirekin. Gainerako auzolandegiak adin nagusientzat izango dira, Bergaran, Lekeition, Lemoan, Derion eta Muxikan, 115 leku eskainiz.

Muxikako auzolandegia nazioartekoa izango da, eta bertan EAEko eta beste herrialde batzuetako gazteek parte hartuko dute; beraz, erreferentziako hizkuntza ingelesa izango da. Gainerako auzolandegietan Espainiako Estatuko autonomia erkidegoetako gazteek hartuko dute parte, eta euskara eta gaztelania izango dituzte erreferentzia hizkuntza.

EAEko plazez gain, beste autonomia erkidego batzuetan eta herrialdeetan ere eskainiko dira lekuak, eta 18 urtetik gorako gazteek parte hartu ahal izango dute horietan.

Gai espezifiko bat bakoitzean

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egingo diren hamar auzolandegietako bakoitzak gai espezifiko bat du, hala nola arkeologia eta industria ondarea leheneratzea, ondare historikoa eta ingurumena leheneratzea, adinekoen gizarte dinamizazioa edota memoria historikoa, eta izena eman duten gazteek bi asteko egonaldia egingo dute bertan.

'Auzolandegiak' programan izena emateko epea maiatzaren 8ra bitarte egongo da zabalik, eta maiatzaren 10ean helmugak hautatzeko zozketa egingo da. Izena emateko txandak maiatzaren 11n argitaratuko dira, eta lekuetarako izen-ematea/hautaketa maiatzaren 15etik aurrera egingo da.

Aurrez izena emateko prozesua bitarteko elektronikoen bidez egingo denez, Gazteria Zuzendaritzak gomendatu du BakQ txartela edo identifikazio elektronikorako beste edozein bitarteko eskuratzea prozesu osoa egiteko. Prozesua www.gazteaukera.euskadi.eus web orriaren bitartez egin ahal izango da.

Estatuko eta nazioarteko auzolandegiei dagokienez, Gazteria Zuzendaritza beste erkidego batzuekin eta Injuve erakundearekin lekuak trukatzeko lanean ari da gaur egun. Eguneratutako auzolandegiei buruzko informazio guztia www.gazteaukera.euskadi.eus web orrian eskura daiteke.