GAUR8

Gazteen euskara aberastea helburu duten beste sei podcast sortu ditu Labayru Fundazioak

Sei podcast ea bideo-podcast berri sortu ditu Labayru Fundazioak Bilboko Udalarekin batera, gazteen artean euskara aberastea helburu duen ‘Gazteak euskaraz’ programaren barruan.

Sei podcast eta bideop-podcast berri sortu ditu Labayru Fundazioak 2020. urtean abian jarritako ibilbidea jarraituz. Guztira, 18 ale ditu jada Bilboko Udalarekin batera argitaratutako materiala, ‘Gazteak euskaraz’ programaren barruan.

Adibide praktikoen bidez, «gazteen artean euskararen erabilera areagotzea eta lagun arteko erregistroa lantzea dira, besteak beste, egitasmoaren helburuak», azaldu dutenez. Material berriak, gainera, «lagunartean euskara jatorra, zuzena eta egokia erabiltzeko baliabideak» eskaintzen dituela nabarmendu dute.

‘Begi guztiek ez dute berdin ikusten’, ‘Eroaren ahotik hitz zuhurrik ez’, ‘Erreka onak, arrain ona’, ‘Jaio eta hil, denok berdin’, ‘Lurra zaintzen baduzu, lurrak zainduko zaitu’ eta ‘Zer hintzen eta non hago!’ dira lan berrien izenburuak.

Bilboko leku esanguratsuen irudiak

Lan sorta berriari «ikutu berezia emateko», Bilboko lekurik esanguratsuenen irudiak sortu ditu Enrike Morente ilustratzaileak. Era horretara, Guggenheim museoa, San Mames futbol zelaia, Zazpikaleak, San Frantzisko, Areatza eta Artxandako funikularra ageri dira lanetan.

Podcastak Ivoox eta Spotify plataformetan daude eskuragarri, eta bideo-podcastak Labayruren Youtubeko kanalean. Era berean, HABEren Ikasbil atarian ere eskura daitezke.