GAUR8

Maiatzaren 1ean itxiko da Bilboko Zinema Ikusezinaren jaialdira film sozialak aurkezteko epea

Maiatzaren 1era arte bidali daitezke lanak Bilboko ‘Film Sozialak’ Zinema Ikusezinaren 15. Nazioarteko jaialdian parte hartzeko. Jasangarritasuna, giza eskubideen defentsa, kulturartekotasuna eta genero berdintasunarekin lotutako istorioak bilatzen dira.

Arrazakeriaren aurkako mezuak mobilizazio batean Bilbon, artxiboko irudian.
Arrazakeriaren aurkako mezuak mobilizazio batean Bilbon, artxiboko irudian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Bilboko ‘Film Sozialak’ Zinema Ikusezinaren 15. Nazioarteko jaialdiak antolaketarako makineria osoa jarri du abian, urriaren 19tik 26ra izango den aste nagusiaren prestaketari begira.

Epaimahaikide izateko hautagaiak proposatzeko deialdiaren ondoan, film sozialak aurkezteko epeak zabalik jarraitzen du, jakinarazi duenez. Maiatzaren 1era arte bidali ahal izango dira lanak, webgunean izena emanez.

Zinema aretoetan normalean proiektatzen ez diren filmak izaten dira jaialdiko protagonista nagusiak. Gai askotarikoak izan daitezke, baina gizartearekiko konpromisoaren aldarrikapena izan behar dute ardatz.

Mundu zabaleko parte hartzaileei irekia, pertsona edo talde bakoitzak lan bat edo gehiago aurkez dezake, «betiere egile edo banaketa eskubideen jabe badira».

Jaialdian parte hartzeko, online eman behar da izena antolatzaile den Kultura Communication Desarrollo (KCD) GGKEaren webgunean daukan inprimakia betez.

Oinarriek jasotakoaren arabera, euskarri digitalean eta fisikoan (DCP) bidalitako lanak onartuko dituzte. Fikziozkoak, dokumentalak edo animaziozkoak izan daitezke, baina zinemaldiaren lau gai nagusietako batekin lotuta egon behar dira, gutxienez: jasangarritasuna, genero-berdintasuna, kulturartekotasuna eta giza eskubideak.

Izan ere, garapen ereduen inpaktu sozial, politiko eta ingurumenekoei buruzko lanak, eta «gizakion ongizateari eta jasangarritasunari laguntzen dioten proposamen alternatiboei buruzkoak» bilatzen dira lehen gai-multzoan.

Bestalde, berdintasunaren kultura eraikitzen laguntzearen garrantzia aipatzen dute oinarriek, baita desberdintasunari buruzko gogoeta eta pentsaera kritikoa bultzatzen duten lanak edota sistema patriarkalarekiko eredu alternatiboak proposatzen dituztenak.

Munduko kulturen aberastasuna eta aniztasuna erakusten duten ikus-entzunezkoak eta horrekin lotuta, migrazioa, arrazismoa, xenofobia, segregazioa edota arrazismoa bezalako gaiei erreparatzen dieten lanak bilatzen ditu jaialdiak.

Askatasunaren aldeko borrokak

Giza eskubideen atalean, eskubide indibidual eta kolektiboen sustapenarekin eta bermearekin lotutako istorioez gain, askatasunaren aldeko borrokei buruzkoak aurkez daitezke jaialdira. Era berean, LGTBI+fobia eta edonolako diskrimazioaren aurkako jarrera sustatzen duten lanek zabalik dituzte zinema jaialdiaren ateak, «bai eta pobrezia eta gizarte-bazterketa eragiten duten zergatiak salatzen dituztenak ere».

Gai-multzo bakoitzak berezko saria izango du, eta horiez gain beste bost sari emango ditu jaialdiak: Emakume batek egindako Lan Onenaren Saria, Euskaraz egindako Gizarte Ekintza Onenaren Saria, Balio Hezkuntzaren Saria, Zinema Ikusezinaren Saria eta Ikusleen Saria.