GAUR8

Partaidetza, ikerketa ekintza eta garapen komunitarioari buruzko nazioarteko topaketak egingo dira Bilbon

Partaidetza, ikerketa ekintza eta garapen komunitarioa hizpide izango dute Bilbon, asteazkenetik aurrera Bizkaia Aretoan ospatuko diren jardunaldietan. Nazioarteko hainbat ordezkari eta aditu bilduko ditu hitzorduak.

Jardunaldiak EHUko Bizkaia Aretoan izango dira, asteazkenetik ostiralera.
Jardunaldiak EHUko Bizkaia Aretoan izango dira, asteazkenetik ostiralera. (Aritz LOIOLA | FOKU)

EHUko Parte Hartuz ikertaldeak Partaidetza, Ikerketa Ekintza eta Garapen Komunitarioari buruzko Nazioarteko Jardunaldiak egingo ditu asteazkenetik ostiralera (apirilaren 26tik 28ra) Bilboko Bizkaia Aretoan.

Herritarren parte hartzea aztertu eta sustatzeko Europako topaketarik garrantzitsuenean arloko munduko erreferentzia nagusiek eta Estatu espainoleko eta EAEko ordezkari politiko, tekniko eta asoziatiboek parte hartuko dute.

Besteak beste, aurrekontu parte hartzaileen, prozesu deliberatiboak, kontsultarako kontseiluak, gobernantza kolaboratiboak eta ikerketa ekintza azterlari handiak bilduko dira Bilbon, EHUk jakinarazi duenez.

Esparru hitzaldiez gain, aldi bereko hiru gune prestatu dira parte hartzeari, garapen komunitarioari eta ikerkuntza ekintzari buruzko esperientziak eta ikerketak aurkezteko, Estatuko 50 hizlariren parte hartzearekin. Azkenik, Latinoamerikako 20 akademikok hartuko dute parte, bere lanak bideo formatuan aurkeztuz.

Inaugurazio ekitaldia asteazkenean izango da, 17.00etan, Bizkaia Aretoko auditoriumean, eta Yanina Welpek (Albert Hirschman Centre on Democracy), Azucena Moranek, Yves Sintomerrek eta Ismael Blancok (Bartzelonako Unibertsitateko Gobernu eta Politika Publikoen Institutuko zuzendaria) hartuko dute parte.

Jardunaldiak irekiak izango dira, eta aurrez aurre edo streaming bidez jarraitu ahal izango dira.

Parte Hartuz EHUko ikertaldeak 20 urte daramatza lanean ikerketaren, prestakuntzaren eta partaidetza prozesuen ezarpenaren arloetan. Zehazki, datorren ikasturtean EHUko 'Partaidetza eta Komunitate Garapena' master ofizialaren 20. edizioa egingo da. Ordezkari politiko, tekniko eta asoziatibo gisa prozesu parte hartzaileak sustatzen dituzten ehunka pertsona prestatu dira master horretan.