GAUR8

Gazte Mailako Aurresku Txapelketa Nagusia egingo dute asteburuan Legazpin eta Errenterian

Gazte Mailako V. Aurresku Txapelketa Nagusiko finalak 2008 eta 2015 urteen artean jaiotako 40 dantzari inguru igoko ditu asteburu honetan oholtzara Legazpin eta Errenterian izango diren saioetan. 

Euskal Herriko Aurresku Txapelketa Nagusiko aurreko edizio bat, artxiboko irudian.
Euskal Herriko Aurresku Txapelketa Nagusiko aurreko edizio bat, artxiboko irudian. (Jon URBE | FOKU)

Azken hilabeteetako kanporaketen ostean, Aurresku Txapelketa Nagusiko finalean neurtuko dira asteburu honetan azken ikasturte honetan zehar Aurresku Ligan parte hartu duten dantzariak. Adinen araberako hiru kategoriatan banatuta, 39 dantzari inguru igoko dira oholtzara saio bitan.

Guztira, Gipuzkoako 15 udalerritako eta Nafarroako udalerri bateko 64 neska-mutil aritu dira azken hilabeteetako kanporaketetan. Begiradak, orain, Errenterian eta Legazpin izango diren azken saio horietan jarrita daude.

Legazpin izango da lehen saioa, larunbatean, D kategoriako dantzarientzat (2008-2009 urteetan jaiotakoak); eta bigarrena Errenterian, igandean, A sailakoentzat (2013-1015 urteetan jaiotakoak) eta B saileko parte hartzaileentzat (2010-2012 urteetako neska-mutilak).

A saileko parte hartzaileei dagokienez, ligan zehar erakustaldi modura parte hartu ondoren 13 dantzari izango dira txapelketa nagusian, zehaztutakoaren arabera.

B sailean 12 dantzari sailkatu dira finalerako, eta 14 dantzari D sailean. A kategoriako parte hartzaileei ‘Ormatxulo’ eta ‘Agurra’ dantzak egokitu zaizkie, B sailekoek ‘Hondarribi handia’ eta ‘Segurako zortziko zaharra’ dantzak prestatu beharko dituzte, eta D saileko dantzarien kasuan, ‘Bretoino handia’ eta ‘Aurkez aurke’ (desafioa) egin beharko dute.

Teknikaren lanketa

Hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidea du Aurresku Ligak bi helburu nagusirekin: dantzen urratsen teknika txikitatik landu eta ezagutzea, eta esperientzia hori hartuta dantza talde nagusietara iristerakoan taldeak indartzea.
 
Gogoratu dutenez, bestalde, azken urte hauetan hainbat aldaketa sartu dira deialdian. Hasteko, lehen egiten zen nesken eta mutilen ligak gaindituta, sexu banaketarik ez duen liga bateratua egiten da orain. Zehaztu dutenez, 2018-19 ikasturtetik aurrera banaketa adinaren araberakoa da.

Azken urte hauetan lantzen ari den alderdi pedagogikoa ere nabarmendu dute antolatzaileek. Azaldu dutenez, «txapelketa bakoitzean, aditu batek dantzariek oinarrizko dantza pausoak nola egiten dituzten jaso dute. Datu horiek bildu eta txosten bat egin da dantzari bakoitzeko». Dantzarien irakasleei helarazten zaie ondoren informazio hori, «zuzendu beharreko akatsak dantzariekin landu ahal izateko».