GAUR8

Korrikak dituen efektu psikologiko positiboak egiaztatu ditu ikerketa batek

Kolektiboki hautemandako zerbait zen, orain EHUko ikertzaileen azterlan batek berresten du: Korrikak efektu psikologiko positiboak ditu gizarte ongizatean eta ahaduntze kolektiboan.

Parte hartze maila oso handia izan zuen Korrikaren azken edizioa, irudian.
Parte hartze maila oso handia izan zuen Korrikaren azken edizioa, irudian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

EHUko Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta Garapena Saileko ikertzaileek Korrikaren inguruko azterlana burutu dute, euskararen aldeko ekimen kolektibo horretan Durkheimen teoria betetzen den egiaztatzeko.

Emile Durkheim (1858-1917) psikologo aintzindariak garatutako teoriaren arabera, «gizarte isolamendua mehatxu larri bat izan daiteke osasunerako eta biziraupenerako. Horren aurrean, berriz, «erritu kolektiboak funtsezkoak dira gizarte baten kohesioa eta osasuna bermatzeko», gogoratu du EHUk.

Aldizka ospatzen diren erritu kolektiboek, gainera, «talde balore eta sinesmenak berrindartu eta kohesio soziala indartzen» dutela nabarmentzen zuen Durkheimek.

Ikertzaileek azaldu dutenez, ekimen batzuek eragiten duten eraberritze sentsazio horrek eferbeszentzia kolektiboa ahalbidetzen du, pertsonen arteko elkarreragin emozionala sortuz, eta, hala ere, orain arte «oso ikerketa gutxitan egiaztatu ahal izan da Durkheimen teoria», nabarmendu dute.

Jon Zabala ikerlariak azaldu duenez, «ikerketen arabera, erritu kolektiboetan parte hartzeak integrazio soziala sustatzen du, sinesmen sozialetan positiboki eragin, eta maila indibidualean (adibidez, autoestimuan eta bizitzarekiko asebetetzean) zein kolektiboan ahalduntzen du, besteak beste».

«Ez da harritzekoa, beraz, Covid-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako isolamendu neurriak estres, antsietate eta depresio maila altuagoekin erlazionatu izana», erantsi du adituak. Pandemiaren murrizketen ondorengo Korrika, beraz, horren kontrapuntua izan zen neurri handi batean.

Ongizatearen adierazle maila altuagoak

Ikerketan ondorioztatu dute parte hartzaileek «ongizatearen adierazle maila altuagoak erakusten» dituztela Korrikan parte hartu ondoren, aurretik baino. «Eta, adierazle horietako batzuetan, adibidez, integrazio sozialaren kasuan, maila horrek iraun egiten du Korrika bukatu eta sei astera ere», zehaztu dutenez.

Proba estatitistiko batzuen bitartez, ikerlariek egiaztatu ahal izan dute Durkheimek aipatzen duen «eferbeszentzia kolektiboa» dela eragin positiboaren gako nagusia. «Parte hartzaileak integratuago sentitzen dira taldean, herrian eta komunitatean, kolektiboki ahaldunduago, eta, gainera, pertsonekiko eta gizartearekiko ikuspegi positiboagoa dute», adierazi du Zabalak.

Lanean egiaztatu ez badute ere, beste ikerketa batzuetan ikusitakoan oinarrituta, aipatzen dute ikertzaileek espero izatekoa dela parte hartzaileen artean «predisposizio handiago bat» izatea euskararen aldeko ekintzak egiteko.

Ikerlanean 2019ko Korrikako parte hartzaileen lagin bat aztertu zuten hiru fase ezberdinetako emaitzak jasotzeko, AEK-k antolatzen duen ekimena hasi aurretik, Korrika egiten zen bitartean eta bukatu eta gerora».