GAUR8

Bost proiektu artistiko EHUk eta Tabakalerak elkarlanean antolatutako lehen egonaldirako

Sorkuntza artistikoa, zientzia eta teknologia uztartzen dituzten bost proiektu hautatu dituzte Tabakalerak eta EHUk elkarlanean antolatutako lehen egonaldian parte hartzeko. Sei aste dituzte orain egitasmoak garatzeko.

Antton Goikoetxea, Danel Garay, Victoria Ascaso, Pama Canoles eta Oriol Pares.
Antton Goikoetxea, Danel Garay, Victoria Ascaso, Pama Canoles eta Oriol Pares. (UPV/EHU)

EHUk eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak elkarlanean antolatutako lehen egonaldi programan parte hartuko duten bost sortzaileak eta proposatzen dituzten proiektuak aurkeztu dituzte gaur: Antton Goikoexea eta ‘s/t’ egitasmoa; Pama Canolesen ‘Oleajes Eléctricos’, Danel Garayren ‘La ciudad invisible’, Victoria Ascasoren ‘Alma 1.0’ eta Oriol Paresen ‘Quantum Harmonic Oscillator’.

Zientzia eta artearen arteko lotura ardatz duten proiektuak garatzeko, sei asteko egonaldia egingo dute hautatutako bost sortzaileek Tabakalerako Artisten Gunean, ikerketa, zientzia, artea eta teknologia bezalako osagaiak uztartuz.

Izan ere, EHUko Arte Ederren Fakultateko Arte Garaikide eta Performatiboa Masterrarekin lotuta dago ekimena, eta «ikerketa, sormena eta artearen, zientziaren eta teknologiaren profesionalizazioa» sustatzea du helburu.

Arte adierazpen berriak

«Gaur egun, teknologiak gure egunerokotasunean izan duen bilakaerak eta ezarpenak aipatutako diziplinen bat egitea eragin du, eta horrek arte adierazpen berriak sortzea ekarri du; horiek izango dira, hain zuzen ere, Tabakaleran biziko diren praktiken ardatz nagusia», azaldu dute antolatzaileek.

Sortzaileek «tokia, testuinguru eta denbora» izango dute Tabakaleran, baita zentroaren laguntza ere EHUrenarekin batera. «Egitasmoen jarraipena egingo dute eta horiek garatzeko ezagutza teknikoa eskainiko dieten zenbait adituren laguntza ere izango dute», zehatzu dutenez.

Laguntzen atalean, CIRCE (Creative Impact Research Centre) programarako Tabakalerarekin elkarlanean sorkuntza prozesuetan lanean ari diren zenbait ikerketa-zentroetako profesionalen eta artisten parte harztea nabarmendu dute.

Egonaldiak iraun bitartean, gainera, kultura eta sormen industriei laguntza eskaini eta industria horiek Europan duten eragina indartzeko gogoeta taldea den CIRCEk osoko bilkura izango du Tabakaleran bertan.

Programaren helburuekin lotuta, Tabakalerak gogoratu du dagoeneko elkarlanean ari dela Basque Center of Cognition, Brain and Language (BCBL) bezalako erakunde esanguratsuekin.