GAUR8

Txalaparta doinuak Udalatxeko tontorretik, Ttakun taldearen 30. urtemugan

Udalatxera igoera antolatu du larunbaterako Ttakun txalaparta taldeak, 30. urteurrena ospatzeko. Egun horretan, 12.00etatik aurrera tontorretik zabalduko duten doinuetara adi egotera deitu du.

Txalaparta doinuak mendi gailurretik zabaltzeko aurreko ekitaldi bat, irudian.
Txalaparta doinuak mendi gailurretik zabaltzeko aurreko ekitaldi bat, irudian. (Ttakun Txalaparta Taldea.)

Arrasateko Ttakun Txalaparta taldeak herritarrekin ospatuko du 30. urteurrena larunbatean, hitzordu berezi batean. Udalatxeko tontorrean izango da, eta handik inguruko mendi eta herrietaraino eraman nahi dituzte txalaparta doinuak.

Udalatxera igoera egiteko, 10.30an finkatu dute irteera ordua Udalako parkinetik. 11.30ean, txalaparta saio libreak eta hamarretakoa izango dira tontorrean bertan, baita Udalatxeko tontorraren historiaren inguruko solasalditxoa ere, Besaide Mendizale elkartearen eskutik. 

12.00etatik aurrera, bestalde, dei berezi bat egin dute tontorretik helduko diren doinuetara adi egoteko, eta sare sozialetan horren berri emateko.

«Haizeak laguntzen badu, agian Udala, Kanpazar, Besaide, Arrasate edo Elorriotik entzuteko aukera egongo da. Beraz, herritarren aldetik Instagram edo Facebookeko kontuetan entzundakoaren berri ematea eskertuko dute antolatzaileek», azaldu dute erronkaren inguruan.

«30 urtez enbor beretik»

Larunbatekoa ez da txalaparta mendi gailurreraino eramango duten lehen aldia. Gogoratu dute Mendiparta ekimena sortu zuela taldeak 2014an, «herritarrekin batera txalaparta mendi gailurretara» eramateko. «Lehen gailurra Udalatxekoa izan zen eta 50 pertsonatik gora hartu zuen parte; ordutik beste mendi batzuk izan dira ekimenaren lekuko: Kurtztiki, Atxorrotz, Asentziomendi, Durakogain, Muru...», zehaztu dutenez.

Ttakun taldearen urteurrena ospatzeko ekitaldiak apirilean hasi ziren, horien artean hiru larunbatez iraun duen txalaparta ikastaroa egin dute, eta ospakizunek uda ostean jarraituko dute, Arrasateko kaleetan egingo den txalaparta festarekin.