GAUR8

Zarauzko Basarri Bertsopaper Sarian izena emateko epea zabaldu dute

Basarri Bertsopaper Sariaren 39. edizioa jarri du abian Zarauzko Udalak. Ekainaren 21era arte zabalik dago lanak aurkezteko epea.

Basarri Bertsopaper Sariaren 39. edizioa jarri du abian Zarauzko Udalak. Gai libreko sariketa da, eta bertso paper bakoitzeko gutxienez zortzi bertso eskatzen ditu.

Gehienez bi lan bidali ditzakete parte hartzaileek. Haiei zuzendutako oharren artean, bertso sorta bakoitzaren doinua izenburuaren ondoan zehaztu behar dutela azaldu du antolakuntzak.

Lanak aurkezteko epea ekainaren 21era arte egongo da zabalik. Ordura arte helarazi beharreko lanak posta elektronikoz bidali behar dira kultura@zarautz.eus helbidera, eta bi pdf artxibo atxikitu behar dira: lehenean, bertso sortaren izenburua eta parentesi artean egilearen izengoitia zehaztu behar du egileak; bigarren pdf-a izenemate orria osatua eta sinatuta da, eta dokumentuaren izenean izengoitia jarri behar du egileak.

Irabazlea, uztailaren 4an

Andoni Egañak, Nahikari Gabilondok eta Uxue Alkortak osatuko dute epaimahaia. Haien ondoan, Udalak izendatuko duen idazkari batek deituko du epaileen arteko batzarra, haren erabakia jasoko du eta irabazleari jakinaraziko dio.

Irabazleak 1.530 euro garbi jasoko du saritzat, zehaztu dutenez. Sariaren oinarrien arabera, saria eman gabe geratuko da aurkeztutako lanek behar adinako mailarik ez badute.

Irabazlea uztailaren 4an jakinaraziko dute, eta sari-ematea abuztuan ospatzen den Bertso Astean egingo da, aurreratu dutenez.